Eszenak
«Tira! Aurrera!» txotxongilo lanean, hirian haurrek duten lekua aldarrikatzen du Panta Rhei taldek
Bilboko Txotxongilo Jaialdia igandean amaituko da, eta, egun horretarako gorde dute Panta Rheiren estreinaldia. 6 eta 10 urte arteko haurrei begira prestatutako lan honetan, Pailazoren abenturak azalduko dituzte.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Txotxongiloen gaurkotasuna garbi utzi du Bilboko Nazioarteko Jaialdiak, eta are eta garbiago geratuko da igandean Panta Rheik Bilborocken egingo duen estreinaldiaren ondoren. Arabar taldea oraingoan «Tira! Aurrera» lanarekin dator -gaztelaniaz, «Corre payasa corre» izenburua duena-. Taldean haur eta helduen arteko erlazioari buruz hitz egin nahi zuten eta horretarako Pailazo-ren istorioa azalduko diete 6 eta 10 urte arteko publikoari. Antzezlanaren protagonistak, hots, Pailazok, misio bakarra zeukan bizitzan: zoriontsu izatea eta besteak zoriontsu egitea, arduradunen hitzetan. Zorigaitzez, egun batean zakarrontzian amaitzen du eta handik aurrera hirian zehar lasterka ibili beharko du. Haurrek laguntza eman nahi dioten arren, ezin dute, eta beraz, arrisku askori aurre egin beharko dio.
Panta Rheiren lan honetan pertsonai mota desberdinak ikusi ahal dira. Alde batetik, bi antzezlek -Emilio Fernandez de Pinedo eta Idoia Ayestaran- istorioa azalduko dute, baina aldi berean, Pailazo eta berak zabortegian aurkituko dituen pelutxeak txotxongiloen bidez antzeztuak izango dira. Helduak, azkenik, maskara batzuen bidez irudikatuko dituzte. Finean heldu eta umeen arteko erlazioari buruzko lan bat da. Horregatik hiri batean kokatu dute, haurrak ahazten dituen hiri hotz batean, hain zuzen. Umeekiko gehiegizko babesa edota gauza gehiegi izatearen ondorioak taularazi nahi dituzte lan honekin. Horretarako bi emanaldi egingo dituzte igande honetan -12.00etan eta 18.00etan- Bilborock aretoan.