GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«Makro» eta «mikro»

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Hizki bakar baten aldea dago «makro» eta «mikro» hitzen artean, hizki bakar bat baina bi mundu esanahian, eta ez naiz hasiko «txikia ederra da» eta antzekoak esaten, nahiz eta hamaika aldiz nahiago izan, batez ere musika entzuteko, formatu txiki eta ertaineko kontuak. Saiatuko naiz «mikro»aren alde egiteko arrazoi batzuk zerrendatzen, pertsonalak eta oso subjektiboak, baina praktikoak izan daitezen idatziak.

Lehena, arrazoi izpirituala; gero eta ezberdintasun gutxiago ikusten dut meza santua eta makro jaialdi hauen artean. Bere parafernalia, bere errezoak, orain makurtu, orain altxatu, orain guztiak oihuka, apaiza pulpituan... ondo ikasi eta etengabe errepikatzen den kaltegabeko errituz betetako ikuskizunak begitantzen zaizkit. Iraultzaile izateko oso modu erraza eta erosoa.

Bigarrena, irizpide musikala; beti musika bera, beti talde berak, eta gutxitan ekonomikoa ez den irizpide argiren bat. Edozerk balio du karpa erraldoia jendez betetzeko. Gauza batzuetarako hain zorrotzak eta beste batzuetarako hain utziak. Non geratzen da horrelako kasuetan irizpide musikala?

Hirugarrena, irizpide ekonomikoa; sekulako inbertsioa eskatzen duten jaialdiak izan ohi dira. Musutruk lan egiten duten ehunka lagun, azpiegituren gastua, taldeen katxeak (horrelakoetan, besteetan bezala, soilik batzuk dira kobratzen ez dutenak). Finean sekulako burukomin eta kaka. Jakin nahiko nuke dirua ateratzeko aitzakiarekin horrelako zenbatetan ez den handitu zuloa. Bankuek badakite; diru asko ateratzeko diru asko inbertitu beharra dago, beraz zulo handiak egiteko arrisku handiagoa dago horrelakoetan. Eta zer egin zuloa estaltzen saiatzeko... jakina, beste makro jaialdi bat!

Laugarrena, ohiturak; bere autoa hartu eta hamarka kilometro egin dituzten entzuleen artean zenbat dira hurrengo astean bere auzoan, 500 metrora egiten den jaialdi «xume» batera joaten direnak. Oso gutxi. Nahiago tabernan geratzea. Normala da hemen 20 euro ordaintzea eta han 3 euro garesti iruditzea? Musika ala txosna giroa? Noren diskoak erosten edota kopiatzen ditugu ondoren? Noren musika lortzen saiatzen gara? Nor joaten da «makro» ez den jaialdi batera? Zertara?

Bale, eta bat baino gehiagok buruan duen galdera; orduan Morau deitzen badute makro-jaialdi batean parte hartzeko zer? Hori gertatuko balitz, bi gauzen seinale; «makro» horretan bada «mikro»entzako karpa txikiago bat, edota betelanean aritzeko talde merkeak behar dituzte. Eta ez da autoestimu falta... adibide ugarietan oinarritutako eszeptizismoa baizik. Mundu krudela da hau neska-mutilak!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo