GARA > Idatzia > > Kultura

Dena prest Bertsulari Xapelketako historiaren lehen kapitulua idazteko

Zortzi bertsolari oholtza gainean. Bi mila aulki inguru beste hainbeste bertsozale gozo-gozo hartzeko. Hamarka lagun joan-etorrian antolakuntza lanetan. Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan dagoeneko sumatu daiteke final usaina. Bertsulari Xapelketaren lehen finala bihar jokatuko da eta, hala, Xapelketaren historiaren lehen kapitulua idatziko da.

p057_F01_199X124.jpg

Amagoia MUJIKA | DONIBANE-LOHIZUNE

Iritsi da uzta jasotzeko garaia. Luze eta gogor egindako lanaren momentu gozagarriena dudarik gabe. Eta gozatzeko hitzordua bihar dago jarria, Donibane-Lohizunen, arratsaldeko bostetan. Toki horretan eta ordu horretan jokatuko da Iparraldeko Bertsulari Xapelketaren lehenengo finala. Txapel berriari begira -zuzenago batzuk eta zeharka antzean besteak-, zortzi bertsolari lehiatuko dira: Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Sustrai Colina, Karlos Aizpurua, Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua eta Ekhi Erremundegi.

Eta txapela ez da jokoan dagoen gauza bakarra. Izan ere, 2009an jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako hiru txartel ere banatuko dira biharko finalean. Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak dagoeneko aulkia hartua dute datorren Euskal Herriko txapelketarako. Horiez gain, Ipar Euskal Herriko beste hiru bertsolarirentzat izango da tokia.

Bi mila lagun espero dituzte

Gehien gozatuko duena bertsozalea izango da seguru asko. Izan ere, bertsolariei horrelakoetan pixka bat sufritzea ere tokatzen zaie eta antolaketa lanetan ari direnek ere izango dute zerekin kezkatu. Baina estutasunak estutasun, gustura daude bai bertsolariak eta baita antolatzaileak ere. Gustuko aldapan, nekerik ez. Eta finalera arteko aldapa ez da hain samurra izan. Duela hamar urte Ipar Euskal Herrian txapelketa bat antolatzea amets hutsa zen. Eta ametsa egi bihurtu da. Duela urtebete finalean mila bat lagun biltzea erronka handia zen. Eta, kasik seguru, bihar Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan bi milatik gora izango dira bildutakoak.

Kepa Murua Bertsularien Lagunak Elkarteko kidea da eta buru-belarri dabil antolaketan. «Jende aldetik esperantza handia daukagu. Iparraldeko askori entzuten zaio etorriko dela. Iparraldeko bertsozaleak 500 baino gehiago izango direla uste dugu. Eta ikusirik hemen zer mugitu den -80-90 lagun inguru bertso saioa antolatzen aritzea ez da batere txarra- uste dugu txapelketak ez duela oihartzun makala izan. Hegoaldetik ere badakigu autobus batzuk etortzekoak direla. Nabarmen sentitzen da jendea etorri etorriko dela», agertu du Muruak.

Ipar Euskal Herriko bertsozaleen kopuruari garrantzia berezia ematen dio antolakuntzak. «Iparraldeko jende asko mugitu da. Txapelketan gauzak puztu egiten dira eta komeni da, gaseosaren antzera, aparra ez galtzea. Euskal Herriko festa bat izan behar du eta zenbat eta Euskal Herriko jende gehiago etorri hainbat hobeto. Baina, hemen bertako jendea mugitzeak itxaropena ematen digu aurrera begira ere gauzak egiten jarraitzeko. Hernandorena sariketa antolatuko dugu urte hasieran; Sarako herriko etxetik deitu digute saio bat antolatu nahi dutela esanez; baita Hendaiako herriko etxetik ere. Honek jarraipen bat izan behar du eta itxaropena badugu. Mugitu da jendea eta lehen baino okerrago ez gara izango orain».

Zehatz ez dakite zenbat sarrera saldu diren dagoeneko, baina martxa ona daramate. «Atzo bertan -asteazkena- 130 lagun inguruk erreserbatu zuen sarrera. Mila inguru sarrera salduta daude jadanik».

Jai Alai pilotalekuan 2.400 lagunentzako tokia dago. «Duela urte bat 2.000 lagun biltzea ametsa zen guretzat. Gero, gure artean esan izan dugu 1.500 lagun bilduta ere gauza ederra izango dela. Espero dugu finalean 2.000 lagunetik gora izatea», bukatu du Kepa Muruak.

2.000 LAGUN

Dagoeneko zenbat sarrera saldu diren zehatz ez dakite, baina martxa ona daramate. Mila sarrera inguru salduta daude eta biharko 2.000 laguneko kopurua gainditzea espero dute. Duela urtebete 1.500 lagun biltzea gauza ederra izango zela amesten zuten antolakuntza taldekoek.

Aparkatzeko arazorik ez dela egongo espero dute

«Donibanen udan 10.000 lagun baino gehiago izaten dira. Horrek erran nahi du Donibanen badela aparkatzeko lekua. Horrek ez du erran nahi frontoiaren ondoan bertan izanen dela, baina badira, 200-300 metroren bueltan, aparkaleku dezente. Ikastola eta ospitalea oso gertu daude eta hor bada parking bat; estazio inguruan ere bada beste parking bat; eta Jai Alaira goazela, inguruko supermerkatu baten ondoan ere badago beste bat. Ziburutik Donibanera doan zubia pasatu eta gero seinaleak izanen dira jendea aparkalekuetara bideratzeko eta ez dugu uste arazorik egongo denik», agertu du Kepa Muruak.

Jai Alai pilotalekuan bihar, larunbata, goizeko 11.00etan zabalduko dira salmentarako leihatilak. Izan ere, finalaren aurretik bazkaria izango da Donibaneko ikastolako gurasoen elkartearen eskutik. Bazkarian 300 bat lagun espero dira. Horiez gain, etxetik bazkaria eramanda joango direnak ere espero dituzte, horientzat ere tokia izango baita pilotalekuan.

Euskalgintzaren festa handia izango da biharkoa. Baita, noski, bertsolaritzaren festa handia ere.

Amagoia MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo