GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Ankerkeria estaltzen duen estatu ituna

Auzitegi Nazional espainoleko epaile Baltasar Garzonek frankismoaren kontrako auzian atzera egin izana frankismoaren krimenen eta haren biktimen inguruko auziari Estatu espainolak eman nahi dion bukaera da. Garzonek egin duen saioa askok epaileak duen nabarmentzeko joerak eragin duela sumatu badute ere, hautsak harrotu ditu Estatuko instituzioetan eta iritzi publikoan. Orain Auzitegiko epaileak bere autoan frankismoaren krimenen erantzule guztiak hilik daudela argudiatu du eta, hartara, bertan behera utzi du abiatutako ekimena.

Auzitegi Nazionala Estatuaren makinerian pieza eraginkorra da, eta dagoeneko argi utzi du ez duela ezer ere egingo frankismoaren biktimek merezi duten argia, justizia eta ordaintzaren alde, eta Garzonen ikerketa saioaren bukaera Estatuak krimen haiei bermatzen jarraitzen dien zigorgabetasunaren isla da. Gizarte mobilizazioek behartuta, halako erantzuna eman zuen Parlamentuak Memoria Historikoaren Legea onartuz, zertxobait aldatzeko prest zegoen itxura eginez, baina funtsean deus ez aldatzeko xedearekin. Haren argudio nagusia Auzitegiko fiskalak eman zuen, 1977ko Amnistia Legea dela-eta, delituek preskribatu egin dutela esanez. Hau da, legeak hain erraz eraldatzen dituen estatu batek ez ditu nazioarteko legalitatearen arabera gizateriaren kontrako krimenak argitu eta epaitu nahi. Bide batez, demokrazia espainola oinarri duen estatu itunaren funtzioetako bat ageriago utzi du: iragan hori eta haren erantzuleak estaltzea.

Argentina, Guatemala eta oro har Latinoamerikako ankerkeriek laborria eragin zuten mundu osoan, eta gaur egun horiek epaitzen ari dira, beharrezko lege aldaketak eginda. Estatu espainolak ere sustatu izan ditu horrelako epaiketak, baina denak kanpokoak, Amnesty Internationalen arabera, Estatu espainolean behartutako desagertzeak Latinoamerika osoan azken berrogei urteetan izandakoak baino gehiago izan baziren ere. Horrenbesterainokoa da «demokrazia eredugarri» horren hipokrisia erakustaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo