GARA > Idatzia > > Kultura

Zinemaldiko Zuzendaritzak bere jarraipena baldintzatu egin du

Krisialdi ekonomikoa Donostiako Zinemaldira iritsi da. Datorren urterako aurrekontu handiagorik ez eta dirulaguntzen murrizketarik ere iragarri dute erakundeek -Gipuzkoako Foru Aldundiak kasu-. Albisteak ika-mika sortu du, eta Zinemaldiko Zuzendaritzaren artean, ardura.
p041_f01_148x80.jpg

A. EREŃAGA | DONOSTIA

Donostiako Nazioarteko Jaialdiko zuzendaritzako sei kidek, Mikel Olaciregui zuzendaria barne, komunikatu bat zabaldu zuten atzo, eta beste xehetasunen artean, honako hau iragarri zuten: «Zinemaldiaren Zuzendaritzak adierazi du bere jarraipena Zinemaldia behar den baldintzetan egiteko egoera gertatzearen menpe dagoela». Esaldia hurrengo asteetan jaialdiko Administrazio Kontseiluak egingo duen bileraren harira dator, izan ere, Kontseiluko kide diren erakundeek (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lakuako Gobernua eta Madrilgo Kultura Ministerioa) Zinemaldiaren aurrekontuei egingo dieten ekarpena erabakiko dute bertan eta, antza denez, dagoen horretan uztea erabakiko dute gehienek. Krisialdi ekonomikoa kulturara ere iritsi den seinale. Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainera, 90.000 euro gutxiago emango ditu aurten, Markel Olanoren esanetan «gipuzkoarrok ere gerrikoa estutu beharrean gaudelako».

Dena den, egunotan zabaldu den informazioaren eta adierazpenen joan-etorriaren atzean, Zinemaldiak azken bi urteetan sortu duen defizita omen dago. Mikel Olaciregui, Jose Angel Herrero-Velarde, Ricardo Aldarondo, Vicente Mozo, Jose Luis Rebordinos eta Ana Esperanza Redondok sinatutako komunikatuan onartzen dute 2007ko eta 2008ko emaitza ekonomikoetan, hurrenez hurren, 511.878,31 eta 450.000 euroko (behin-behinekoa) defizita dagoela, baina, hori, guztizko aurrekontuetatik %5etik beherako desbideratzea dela diote (babesleek egindako ekarpenak %23 ugaritu dira, ordea, azken edizioan). Diru kopuru horiek Zinemaldiak bere erreserbaren kargura hartu omen ditu, «bere borondatez eta bere kapital soziala aldatu gabe». Komunikatuaren arabera, eta nahiz eta jakin, eta horrela jakinarazi erakundeei, defizit horiek «egiturazkoak» direla -batez ere Zinemaldiaren azpiegiturek azken urteetan izandako hazkundearen ondorioz-, emaitza negatiboen aurrean, «Zuzendaritzak Administrazio Batzordearen esku utzi zituen bere karguak, eta erakundeek, bestalde, zuzendaritza taldeak bere horretan jarrai zezan erabaki zuten».

Administrazio Kontseilu horretan, antza denez, Zinemaldiak kitatu nahi zuen diru defizitari aurre egin beharrean, «murrizketak» eskatu zizkioten Mikel Olacireguiri. Zentzu horretan, Zinemaldiko Zuzendaritzak atzo argitu zuenez, «jasaten ari garen krisi egoera orokor honi eta azken bi edizioetan gertaturiko aurrekontu desfaseari egokitzeko hainbat neurri hartzeko aukera aztertzen ari gara». Baina aurki egingo den bileran Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabaki bera hartuko balute jaialdiko gainontzeko kide instituzionalek, Zinemaldiko etorkizuna kolokan egongo litzateke. Dena den, iraganean bizi izan ditu jaialdiak krisi egoera latzak, eta mota desberdinetako irtenbideak hartu izan dira orduan ere (egun bat gutxiago egitea, adibidez).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo