GARA > Idatzia > > Kultura

Euskadi Literatura saridunek euren liburuetako bidaiak hizpide izan zituzten sari banaketan

Jokin Muñozek, Manuel Leguinechek, Pello Añorgak eta Josu Zabaletak bakoitzak bere atalean irabazitako saria jaso zuten atzo. Euren liburuetako sekretu txikiak ezagutarazteko parada izan zuten saridunek.

p042_f01_148x092.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Literatura izan zen mintzagai atzo arratsaldean Lehendakaritzako egoitzan burutu zen «Euskadi» sarien banaketan. Saridunek banan-banan hitz egiteko aukera izan zutenez, beraien lanei buruzko bitxikeriak edota istorioak entzun ahal izan ziren euskal kulturaren munduko hainbat pertsonaia esanguratsu bildu zituen hitzorduan.

Miren Azkarate Kultura sailburuaren ostean, hitza hartzen lehena Josu Zabaleta izan zen, «Gaueko Gezurrak» lanarekin Literatura Itzulpen Onenaren saria irabazi duena. Euskara eta gaztelania, beren artean hain desberdinak diren bi hizkuntza, ezagutzeko aukera dela-eta daukagun zortea gogorarazi nahi izan zuen itzultzaileak. Horrez gain, berak lantzen duen jarduerarekiko goraipamenak ere izan zituen. «Itzulpengintzak mundu batetik bestera joateko aukerarik onena eskaintzen digu», beste garaietara edo lekuetara joateko aukera, hain zuzen.

Pello Añorgak Haur eta Gazte Literaturaren saria jasotzerakoan -«Jenio Gaiztoa» liburuagatik- Jon Feliperen hitzak aipatu zituen. Haren hitzaldiak haur literaturak izan ahal duen publiko zabala azpimarratzeko balio izan zuen. «Sateliteen begi handiez gain, inurrien begi txikiekin ere begiratu beharko genuke», esan zuen. Añorgak eskaini zituen hitzetan haur literatura azken finean literatura dela aldarrikatu zuen eta, ondorioz, artea; «eta arteak ez du adinik», adierazi zuen. Horrez gain, haur eta gazteei eduki sakonei buruz ere hitz egin behar zaiela esan zuen. Amaiera biribiltzeko, Patxi Zubizarretaren hitzak aukeratu zituen: «Hitza zilarrezkoa bada, isiltasuna urrezkoa da».

Leguinecherentzako txaloak

Manuel Leginechek jaso zuen txalorik beroena, Gaztelaniazko Literaturaren sariaren bila agertokira igo zenean. Hitza hartzean, ez zuen emoziorik ezkutatu. Bere ibilbidean sari asko jaso arren, «sari hau jaso eta gero, bizitzan zer edo zer egin dudala sentitzen dut, gauza ñimiñoa bada ere» aitortu zuen Leginechek. Bere maisu izandako Bernardo Arrizabala gogoan izan zuen, duela gutxi zendua. Leginechek «El club de los faltos de cariño» lanagatik jaso du saria, «bizi-txatalez josita» dagoen lana, sarien antolatzaileen iritziz.

Azkenik, Euskarazko Literaturaren saria Jokin Muñozentzat izan da aurten, «Antzararen bidea» lanagatik. «Ezin dut literatura ulertu bidaiarik gabe», adierazi zuen Muñozek. Bidaien garrantzia oso argi azpimarratu ondoren, itzultzen jakitea ere beharrezkoa dela gogorarazi zuen. Liburuak, azken finean, bizitzatik literaturara joan eta etorriko bidaia ere badirela esan zuen «Antzararen bidea» lanaren egileak.

BESTE ATAL BAT

Datorren urtean bosgarren sari bat ere banatuko dutela iragarri zuen Miren Azkaratek. Ilustraziozkoa izango da Euskadi Sarietako bosgarren atala.

Sariak

Euskarazko literatura: Jokin Muñoz, «Antzararen bidea».

Gaztelaniazko literatura: Manuel Legineche, «El club de los faltos de cariño».

Haur eta gazte literatura: Pello Añorga, «Jenio Gaiztoa».

Itzulpengintza: Josu Zabaleta, «Gaueko gezurrak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo