GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Eguberriak izatea baleko aitzakia al da gehiegizko kontsumoa zuritzeko?

Euskal Herriko hiri eta herrietan milaka euro eta kWh gastatuko dituzte Eguberrietan. Baina, urtean zehar soilik beharrezko dugun energia gastatzeko eskatzen digutenek, Gabonetan, zergatik ez dute berdin egiten gure kaleetan?

p014_f02.jpg

Janire ARRONDO

Urtea joan eta urtea etorri, Eguberriak badatozela ohartzerako jostailu eta lurrin iragarkiak ikusten ditugu telebistan, baita turroi eta gozoenak ere. Gaztaina-saltzaileek beren postuak jartzen dituzte han-hemenka eta kaleak argiz josita agertzen zaizkigu. Badoa urtea...

«Gabon-argiak» esaten bazaie ere, Gabon eguna baino dezente lehenago pizten dituzte hiri eta herrietako kaleak apaintzeko jartzen dituzten argiok. Badirudi ordea, argiak jartzeko arrazoi nagusia jendea Gabon garaian erosketak egitera bultzatzea dela.

Abendutik urtarrilera

Erabat finkatutako ohitura da Euskal Herriko hiriburuetan kaleak era guztietako argiz apaintzea Eguberri garaian. Udalek edo kontsumitzaileen elkarteek ez dute hutsik egiten urtea joan, urtea etorri.

Aurten badirudi horrenbeste aipatzen den «krisia» dela medio, hainbatek aurrezteko neurriak hartuko dituela. Bestalde, arazo beragatik, jendea kontsumitzera bultzatzeko argi eta apaingarri gehiago jarri behar dela dioenik ere bada. Nolanahi ere, argiztapenerako kontsumo baxuko bonbillak erabiliko dituzte txokorik gehienetan, hain zuzen ere, teknologia berritzaileko led motakoak.

Donostian abenduaren 5ean piztuko dituzte argiak, urtarrilaren 7a bitarte; eta 60.000 euro gastatuko dituzte, lehengo urtean baino 160.000 gutxiago. Aurten Udalak bere gain hartuko du argiztatzearen ardura, hiriko merkatariekin egindako hitzarmen bat dela medio. «Ingurumena errespetatzeko asmoz» Gabonetako apainketak soilik argiz egin beharrean, beste apaingarri mota batzuk erabiltzeko apustua egin du Udalak: «Egunez ere balioko dute, eta ez gauez eta ordu gutxi batzuetan bakarrik apaintzeko». Auzo bakoitzeko eremu bat eta hiriko gunerik esanguratsuenak argiztatuko dira; besteak beste, Boulevard zumardia, Askatasunaren Etorbidea eta Santa Catalina zubia. Gainera, beste urteetan baino ordu gutxiagoz piztea erabaki dute, egunean lau orduz. Neurriokin batera, beste asmo bat ere beteko dute: «Egun horiek aprobetxatuko dira energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko ekimen bat egiteko».

Udalekoen hitzetan, «ekimen berritzailea da honakoa», baina, ez dira bakarrak izan, Iruñeko Udalak ere hartu baitu antzeko neurririk. Nafarroako hiriburuan ez dituzte Gabon argi altuak jarriko hiriko erdigunean. Bestetik, lurreko irudiak gehitzeko apustua egin dute, hau da, saltokien kanpoaldean apaingarriak jarriz. Neurri horiekin, guztira 70.000 euro inguru aurreztea lortu dute Iruñean. Hala ere, hiriko beste gune guztietan ohiko argiztapenak jarriko dituzte.

Bilbon, Udalarekin batera, auzo bakoitzean bertako merkatarien elkarteek apaintzen dituzte kaleak. Apaingarri zaharrak berrituz doazen heinean, gainera, «kontsumo baxuko apaingarriak» ari dira jartzen. Aurten, Udalekoek diotenez, «krisia dela-eta berriak erosi beharrean, lehengo urteko berak erabiliko dituzte». Hala ere, Udala «ahalik eta lekurik gehienetan Gabon argiak jartzen saiatuko da, txoko guztietan goza dezaten kalitatezko apaingarriez». Bizkaiko hiriburuan duela bi urtetik teknologiarik berritzaileena duten bonbillak erabiltzen dituzte, horrela, «energia gutxiago behar izanda, elektrizitate kontsumo eraginkorragoa ahalbidetzen baita». Guztira 498.480 led motako bonbilla, lanpara txikiz osatutako 54.536 metro txirikorda eta 3.392 metro osatzen dituzten 306 argi-irudi jarriko dituzte.

Eguberrietan gehiegizko kontsumoa ohikoa da, erreparorik gabe gastatzen dugu. Urtez urte, baliabide naturalen gehiegizko erabilerarekin opari bikaina egiten diogu klima aldaketa dakarren negutegi efektuari.

Hilabete luzean kontsumitzen den energia horren guztiaren ordainketak udalek denon diruarekin egiten badituzte ere, ingurumenaren faktura planeta osoak ordaintzen du, klima aldaketa, euri azidoa, hondakin nuklear eta kutsadura eran. Gabon-argiak pizteko beharrezko den energia horren %50 atmosferara milioika kilo CO2 isurtzen duten zentral termikoetatik hartzen da. Beste %20 inguru, berriz, zentral nuklearretatik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo