Zigor Arloko Salak Garzoni gogorarazi dio desagerpenak ikertzeko ahalmenik ez duela
Auzitegi Nazional espainolak Garzon epaileari gogorarazi dio frankismoan desagertutako pertsonen auziaren gaineko ikerketarik ezin duela egin. Desagerpenen erantzuleak bizirik izanda ere, ezin da ikertu.
GARA |
Auzitegi Nazional espainoleko Zigor Arloko Salak atzoko osoko bilkuran adierazi zuen Baltasar Garzon epaileak frankismoaren jazarpenaren ondorioz desagertutakoen auzia ikertzeko gaitasunik ez duela. Hamalau epailek erabaki horren alde bozkatu zuten, eta beste hiruk aurka. Aurrerantzean, Lurralde Epaitegien eskuetan izango da afera.
Erabaki horren aurka ezin da helegiterik aurkeztu. Lau orduz bilduta egon eta gero erabaki zuen Zigor Arloko Salak Garzonen aurka jotzeko Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak aurkeztutako helegitea onartzea. Halere, erabakiak ez du ondorio praktikorik izango, berak, Garzonek, azaroaren 18an ikertzen jarraitzeari uko egin baitzion. Iturri batzuek zabaldutakoaren arabera, Zigor Arloko Salak Garzon desagerpenak ikertzeko gai ez dela erabakitzeko arrazoia izan da agintari frankistei leporatzen zien delitua -Nazioaren goi erakundeen aurka aritzea- desagerpenak jazo zirenean indarrean ez egotea.
Iturri horiek gaineratu zutenez, gorpuak hobiratuta izan daitezkeen lekuetan indusketak egiteko ardura Lurralde Epaitegien esku geratuko da orain. Garzonek halako eskaerarik jasoz gero, auzia Lurralde Epaitegietara bideratu beharko luke.
Garzonek, ikerketaren ardura bere gainetik kenduz, azaroaren 18an eman zuen autoan argudiatu zuen arrazoi baten aurka ere azaldu da Zigor arloko sala. Desagerpenen erantzuleak ziren agintari frankistak dagoeneko hil direla zioen Garzonek, eta beraz, auzi penalik ez dagoela.
Zigor Arloko Sala harantzago joan da, desagerpen delituak ez direla Auzitegi Nazionalaren ardura nabarmenduz: ez, ordea, delitu horien ustezko egileak jada hilda egoteagatik; baizik eta delitu hori ez zegoelako lege espainoletan jasota garai hartan. Beraz, nahiz eta sarraskien egileak bizirik egon, Auzitegi Nazionala ez dela ikerketarik egiteko kapaz azpimarratu du Zigor Arloko Salak.
Erabaki horren alde dauden epaileen artean Zigor Arloko Salako presidente Javier Gomez Bermudez epailea dago. Ziurrenik, datorren asteazkenean emango du autoaren berri, erabakia hartzeko izan dituzten argudioak azalduz. Atzo emaitza besterik ez zuten jakinarazi.
Horiez gain, Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteek (ARMH) ikertzen jarraitzeko aurkezturiko helegitea ere atzera bota Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko salak.