GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Aitziber Martinez de Lagos Sortzen-Ikasbatuazen koordinatzailea

Aski da, euskaraz biziko den eskola orain!

Euskal Herrian eta EAEn bertan den egoera diglosikoan, euskarazko murgiltze eredu batek soilik lor ditzake helburu hauek. Eta ez proposamenak bultzatzen duen ezkutuko B ereduak

Duela zenbait egun EAEko Hezkuntza Sailak ikastereduen legeari buruzko bigarren proposamena aurkeztu zigun eragileoi. Irailean, Sortzen-Ikasbatuaz taldekook argi azaldu genizkien lehen proposamenari buruzko kezkak eta ekarpenak, lege proposamena zehaztasunik gabea, hutsune nabariduna zela adieraziz.

Urte hauetan guztietan hezkuntza eragileek eta euskalgintzak salaketa lana egin izan dugu ikastereduen porrota adieraziz. 26 urte itxaron behar izan ditugu aldaketa saiakera bat ikusteko. Hainbat hezkuntza eragile zein euskalgintzako eragilek, salaketa egiteaz gain, proposamen ezberdinak ere jarri izan ditugu mahai-gainean, eta hauetako asko hainbat eragileren arteko elkarlanaren ondoko proposamen zehatzak izan dira.

Saiakera aurrerapausotzat hartu genuen, eta hala adierazi ere, Hezkuntza Sailak, behingoz, porrot hori onartu eta proposamen berri baten beharra agertu izana. Baina proposamen hau ez da nahikoa. Hasteko, herritar eleanitzak lortzea du xede legeak; guk, berriz, eta gurekin batera hainbat eragilek, euskaldun eleanitzak sortzeko beharra aldarrikatu dugu behin eta berriro.

Indarrean egon den eredu sistemak ez du balio izan helburua betetzeko, hau da, EAEko ikasleak elebidun izango zirenekoa. Elebidunak euskara eta euskaraz ikastea lortu duten ikasleak izan dira, baina, zoritxarrez, hirutik bakarra. Hainbat ikerketaren arabera (tartean Eusko Jaurlaritzako HUISek kaleratutako ikerketak) frogatuta geratu denez, Euskal Herrian eta EAEn bertan den egoera diglosikoan, euskarazko murgiltze eredu batek soilik lor ditzake helburu hauek. Eta ez proposamenak bultzatzen duen ezkutuko B ereduak.

Gure kezka ez da nolanahikoa. Iruzur berri baten susmoa izan genuen lehen proposamenarekin, eta berritutako hori aztertu eta gero, iruzur hori erreala dela ziurta dezakegu.

«Eredu bakarraren alde egiten du eta inguruaren egoeraren arabera, malgua izango da, autonomia irizpidetzat harturik ikastetxe bakoitzak izango omen du bere hizkuntza-proiektua diseinatzeko ahalmena». Malgua hitzak hotzikarak eragiten dizkigu, honen mugak non ezartzen dituen ez baita inon azaltzen. Non dira hizkuntza gutxiagotuarekiko minimo duinak? Horrela, euskararen presentzia areagotu baino, ikastetxe askotan gutxitu egin dezake, D ereduaren minimora ere heldu gabe.

Proiektua aurkeztu aurretik, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek B2 maila lortzea jartzen zuten helburu gisa eta gu ados geunden, nahiz eta C1 lortzea egokiagoa iruditu. Orain, maila bakoitzean lortu beharreko minimoak ez dira zehazten. Maila hauek eta hauen zehaztapena ez aipatzerakoan, legea minimorik gabe geratzen da; beraz, helburu argiak ez badira markatzen, zer ebaluatuko da? Asmo edo intentzio soilekin nekez beteko dira helburuak edota aldaketa errealak eta aurrerapausoak eman.

Euskalduntzearen alde gaudenok eta aldaketak eskatu izan ditugunok azken urteetan, ez ditugu gure ekarpenak jasoak ikusi proposamen berri honetan. Gutxiegi zirela ikusten genuen neurriak ere gutxiagotu egin dituzte. Asko dira aipa genitzakeen murrizketa horiek, baina, batzuk aipatzearren, urtebeteko trantsizio epea ezartzen bazuten hasieran, ikastetxeen egokitzapena burutu ahal izateko, orain luzatu egin dute. Beraz, aurreko proposamenarekin 12 urte gehiago itxaron behar genituela esaten bagenuen... orain 16 urte itxaron beharko ditugu!

Ebaluazioari dagokionez, aurretik esandakotik at (helburu zehatzik ez badugu, zer ebaluatu?), aurreko proposamenean lau ebaluazio proposatzen zituzten, nahikoa ez zela adierazi genien, eta orain murriztu egin dituzte hirutara. Honek ikasleak hamar urte izan arte ez duela bere ibilbidearen ebaluaziorik izango adierazten du. Beraz, urte horietan ez da neurri berezirik hartuko hutsuneak detektatu eta ibilbidea egokia izan dadin neurriak hartzeko.

Akordioa lortu nahian egin omen dituzte aldaketak, eta «kontsentsua» bilatu nahian. Baina argi geratu da euskararen normalizazioaren bidean oztopoak jartzen dituzten zenbait alderdi politiko eta eragileren iritzi eta ekarpenak soilik izan dituztela kontuan, eta ez, ordea, gehiengoarena. Ziur baikaude egindako azken aldaketa horiek guztiek ez dutela gehiengoaren abalik. Ez dute inolako erreparorik izan behin eta berriz kontsentsuaren aitzakiapean egindako aldaketa eta murrizketak direla aitortzean. Kontsentsua norekin? Aldaketa hauek ikusita, arrazoi pedagogikoak baino, arrazoi politikoak dituztela pentsatzekoa da. Eskola komunitatearen eskubideak ahaztu dituzte, zenbaiten arteko kontsentsua, euskal jendartearen eskubideen gainetik jarriz. Baina zer gertatzen da milaka eta milaka euskal herritarron hizkuntza eskubideekin? Bada, epe finkorik gabe, «elkarbizitzaren» izenean, beren eskubideak zapalduko dituztela. Ozen esan nahi eta esan behar dugu proposatutako testuak ez duela bermatzen hurrengo belaunaldien euskalduntasuna. Zenbat urte gehiago itxaron beharko ditugu ausardiazko proposamen erreal bat izan eta eskolak euskaldundu dezan?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo