Floren Aoiz www.elomendia.com
Rodriguez Zapateroren Guantanamoa
Nola ahantzi Conde- Pumpidoren Guantanamo elektoralaren aipamena? Hauteskude esparruan mugatu ez dena, jakina. Izan ere, Euskal Herria Guantanamo handi bat bilakatu nahi dute
Obamak iragarri du Ameriketako Estatu Batuek irailaren 11aren aitzakiaz garatu zuten gurutzadaren ezaugarri batzuk aldatuko dituela. Dakigunez, Bushen gobernuak atentatu horiek erabili zituen inperioa indartzeko, hainbat estaturen kontrako erasoak justifikatzeko eta Europa nahiz beste batzuen aurrean autoritate agerpen ozena egiteko. Gurutzada horren adierazpen gordinenak Afganistan eta Irakeko inbasioak izan ziren, baina Guantanamoko kartzela ikur bilakatu da, inperioaren ezaugarri ugari aurkitzen baita errepresiogune horretan. Hasteko, Kuban dago, hau da, herri bati hartutako lur eremuan. Eta ez da edozein herri, Kubak AEBek bultzatutako blokeoa jasaten baitu. Gainera, nazioarteko eta AEBetako legeetatik kanpo egon da Guantanamo, eskubide zibilen urraketarako aukera guztiak zabaldu zaizkielarik han bildutako presoen borreroei.
Orain, berriz, Guantanamo itsusi bilakatu zaio inperioari. AEBetan entzun dira ixtearen aldeko ahotsak, eta ez nolanahikoak. Hori ez da inperioak munduari eman behar dion irudia. Gainera, Obamak ederki daki AEBek beste estrategia bat hautatu behar dutela munduaren jabe izaten jarraitzeko. Guantanamokoa ez da indar agerpena. Are makurrago, denok dakigularik gaizki doazela Afganistan eta Irakeko gerlak. Gaizki, inperioaren interesetarako, jakina. Egoera honetan, Guantanamo ixtea irudi operazio emankorra izan daiteke, aldaketa baten «espejismoa» zabaltzeko aski baliagarria gertatzen ahal dena.
Txikitan esaten ziguten «espejismoak» basamortuetan sortzen zirela. Ondotik ikasi dugu ez dela Arabiara edo Saharara joan behar halakorik aurkitzeko. Egia esan, gure munduaren ezaugarri nagusi bat dugu horien erabilera. Demokrazia, nazioarteko zuzenbidea, eskubide zibilak, herrien autodeterminazio eskubidea, legearen aurreko berdintasuna, ez al dira hauek guztiak egunero gure aurrean agertu eta gertuagotik ikusi nahi ditugularik desegiten diren irudikeriak?
Irudikeria izan zen, adibidez, Zapaterok espainiar tropak Iraketik atera izana. Garai hartan neurri txalogarria zen, Azoreetako itunaren garaiko «aznarkeriak» gainditzeko derrigorrezko urratsa baitzen. Baina erabaki hura ez zen ildo berri baten lehen pausoa, irudi aldaketarako operazioa baizik. Izan ere, lau urte pasa ondotik, espainiar armada Afganistanen dago, okupazio indarren artean, okupazioaren kontrakoen jo-puntuan. Baina, etxera itzuliz, Zapatero bera izan da «espejismo» bat. Bere alderdiaren eboluzioan, estatu ereduari buruz, gatazkaren aurreko jarreran, ekonomian, maila guztietan ikusi dugu, Felipe Gonzalezengandik bereizi nahi izan duen arren, bide beretik eta helburu berdinak gauzatzeko asmoz datorrela Zapatero. Bere gobernuaren jarduerak argi utzi du, errepresio mailan, dagoeneko Aznarrena baino harantzago joan delarik.
Gauzak horrela, nola ahantzi Conde-Pumpidoren Guantanamo elektoralaren aipamena? Hauteskunde esparrura mugatu ez dena, jakina. Izan ere, Euskal Herria Guantanamo handi bat bilakatu nahi dute.
Obamak, beharbada, Kubakoa itxiko du. Zapaterok, berriz, egunero egiten du urrats berri bat gure herriaren «guantanamizazioan».