Jaitsierako postuetan eta «finalak» jokatzera behartuta
Izendapen desberdina baina antzeko garrantzia
EIBAR - MURTZIA
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Finala ala besterik gabeko partida? Ziur aski, ez bata eta ez betea, baina bien artean bil daitezkeen ñabardura ugarien artean, gaurko norgehiagoka finaletik gertuago egongo litzateke.
Eibarko jokalariek -eta are gutxiago entrenatzaileak-, ez dute hitz madarikatua ahoskatu ere egin nahi, baina erabilitako izendapena desberdina izan arren, garrantzia berdina da. Izan ere, denboraldiaren lehen hereneko partidarik garrantzitsuena litzateke gaurkoa. Alde batetik, azkenaldi honetan izandako bolada txarrak -bi puntu besterik ez dituzte lortu gorri-urdinek azken bost jardunaldiotan- jaitsierako postuetara eraman duelako taldea, denboraldian lehen aldiz, joan den asteburuaren ostean. Bestetik, Ipuruara datorren aurkaria antzeko egoeran dagoelako.
Antzera, edo okerrago; azken finean, igoeran pentsatuz osatutako taldea baita Murtzia. Oraingoz helburutik urrun-urrun dabil: Eibarrek baino puntu bat gutxiago dauka, eta etxetik kanpo punturik lortu ez duen talde bakarra da -14 hilabete daramatza, gainera, kanpoko zelaietan irabazi barik-.
Eibarren ondo dakite gauzak noraino okertzen diren denboraldi hasiera makala eginez gero. Nolanahi ere, taldeak zelaia betetzeko eta girotzeko ekimena gauzatu du -orain arteko erantzuna oso ona izan ez den arren-, bazkideei sarrera merkeak eskainiz eta «partidaren garrantzia» azpimarratuz.
Azken partidetan gertatutakoari begiratuz, taldeak arlo guztietan hobetu behar duen arren -ahulegi aritu da defentsa lanetan eta golak sartzeak ere esfortzu itzela exijitzen dio-, Carlos Pousok, egoerari behar bezala erantzuteko, hamaikakoa oso gutxi aldatuko duela iragarri zuen. Badirudi aldaketak zelai-erdian egin ditzakeela entrenatzaileak, titular gisa Cases edota Carlos Ruben ateraz.