Euskal selekzioa Iranen aurkako neurketa kolokan
«Partidarik ez badago, errua ez da jokalariena izango»
Ezker abertzalearen ustez, aurtengo erabakia EAJren inposizioa izan da, «xantaia» nabarmena.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Ezker abertzaleak oso argi du datorren abenduaren 23ko euskal selekzioaren partida bertan behera gelditzen baldin bada, «errudunak ez direla jokalariak izango, ez direla selekzioaren alde urtean zehar aritzen direnak izango, baizik eta errudunak Sabin Etxean daudela». Prentsaren aurrean salatu dutenez, EAJko agintariak dira «Euskal Herriko Selekzioaren partida boikotatu dutenak». Era berean, «babes osoa» eskaini zieten jokalariei.
Idoia Iberok eta Txelui Morenok Donostian egindako agerraldian adierazitakoaren arabera, selekzioari berriz «Euskadi» izena jartzea -«beste selekzio autonomiko bat bailitzan»- eta neurketa lanegun batean jokatzea «atzerapausoak» dira. Haien ustez, «garbi geratu da Sabin Etxea dela erabakiak hartzen dituen erakunde bakarra, eta ez federazioak». Horregatik esan dute «aurtengo erabakia EAJren inposizioa» izan dela, «hizki larriz idatzitako xantaia».
Ezker abertzaleak gogorarazi duenez, iaz egun osoko aldarrikapen jardunaldia eta 25.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten manifestazio nazionala egin ziren, eta aldarrikapen egun horrek «batzuei mina egin zien». Aurten, berriz, erakunde autonomikoek «jarrera sinboliko hutsetatik euskal selekzioaren ofizialtasuna boikotatzera pasatzea erabaki dute», Ibero eta Morenoren esanetan.
Horren aurrean, «txalogarria» izan da jokalarien erantzuna ezker abertzalearen ustez, «euskal gizartearen gehiengo batek desio duenaren isla izan delako, izen bat edo beste erabiltzetik harantzago». Zentzu horretan, gogor salatu dute EAJkoak izan direla «Euskadi» hitza nahita edukiz hustu dutenak eta «urduritu» egiten direla «Euskal Herriaren eraikuntzaren norabidean» planteatutako edozein urratsekin.
Euskadiko Kirol Federazioen Batasunak asteazkenean egindako adierazpenen inguruan, «marko zatikatzailearen aldeko jarrera» azalduta, «gainditu beharrekoaren ispilua» eta «egun euskal kirolak duen arazoaren ondorio bat» dela esan dute ezker abertzaleko kideek. Horren ordez, «zazpi herrialdeetako kirolariak bere baitan bilduko lituzkeen federazio nazional eta ofizialen beharra» berretsi dute beste behin.
Ibarretxeri erantzun diote agerraldian: «`Euskadi' hitza eduki politikoz hustu dutenak zuek izan zarete, EAJkoak». Are gehiago, jakinaren gainean eta nahita egin izana leporatu zieten.