«Hitzek bizitza esplikatu nahi izaten dute, baina bizitzak ihes egiten die»
Xabier Lete abeslari eta idazle oiartzuarrak «Egunsentiaren esku izoztuak» (Pamiela), bere bosgarren poema liburua aurkeztu zuen atzo, lagunez inguratuta. «Heldutasunera» iritsita, beste ikuspegi batetik begiratu dio bizitzari eta galera sentimenduaren gaineko gogoeta egin du. Nostalgia eta pozak, minak edota nahigabeak biltzen ditu, bere azken urteetako bizi esperientziak eta barne bilakaera islatzen dituzten poemetan.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Hitzak ez dira gure barne izate ilun eta kaotikora iristen, atarian gelditzen dira» esan zuen atzo Xabier Letek. 1965. urtean, euskal kulturako beste zenbait musikari esanguratsurekin Ez Dok Amairu taldea osatu zuen abeslari eta poeta, hitz idatziarekin saiatu da beste behin, azken urteetako bere bizi esperientziak, nostalgiak, maitasunaren poz eta nahigabeak edota barne bilakaeraren ametsak islatzen. «Gizatasunaren ezaugarri nagusienetakoa da hitza eta horra jo beharko genuke, nahiz eta jakin, ahalegin horretan huts egingo dugula ia beti». 1966an eta 1967an Agora saria irabazi ostean, «Egunetik egunera orduen gurpilean» bere lehen poema liburua argitaratu zuen 1968an. Geroztik beste bost argitaratu ditu. Azkena, duela bi urte izan zen, «Abestitzak eta poema kantatuak» izenekoa.
Azken urteotan une gogorrak bizi behar izan ditu Xabier Letek. Duela hiru urte zendu zen bere emaztea, Lurdes Iriondo abeslaria. Orduan pentsatu zuen bazituela nahikoa arrazoi liburu hau argitaratzeko. Denbora guzti horretan, Pamielako editore Joxe Angel Irigaray laguna izan du alboan, «berari eskerrak daukagu gaur liburu hau esku artean» esan zuen poetak hunkituta, bere emazte zenari eskaini dion liburuaren aurkezpenean.
«Egunsentiaren esku izoztuak» izena jarri dio berrehun orri pasatxoko lanari. Bere aurreko liburutan ez bezala, narrazio baten tankera hartu dute poemek. «Gure bizitzak mahai gaineratu dizkigun pentsamendu eta ideiak sintetikoki agertzen dira. Ez dut sinbolismoa arbuiatzen baina uste dut pentsamendu horiek beharrezkoak direla poesian». Hunkitzeko hitzekin, aldarrikapen etikoekin, urradurekin edo malenkonia gogoetatsu batekin amaitzen dira istorioak. Badago estoizismo baten nahia, adibidez. «Bizitzak emandakoa geurea bihurtzen da neurri batean, baina kendu ere egiten digu eta hori onartu beharra dago». Amodioari buruzko poemak ere bildu ditu Letek, baina heldutasun batetik begiratuz. «Adin batera heldu naiz eta ikasi dut amodio pasionala gauza bat dela eta amodio urratua beste bat, eta guztiz ezberdina den beste gauza bat da amodio erabatekoa».
Sei atal
Liburua sei ataletan dago banatuta. «Atarikoak» izenekoan, Salvador Espriu, Giuseppe Ungaretti, Anna Akhmatova eta Cesare Pavese poeten heriotzarekiko gogoetak bildu ditu. Bigarren atalari «Udazkenekoak» deitu dio eta gaztetan, uda Nafarroa aldean pasa ondoren etxera itzulitakoan sortutako gogoetekin eginiko poemak dira. «Uzten genuen lurralde eder haiekiko kantu bat da». Hirugarrenaren titulua, «Vulnerant omnes» da, Pio Barojak ezaguna egin zuen esaldia. «Denek zauritzen dute, azkenak hiltzen zaitu», azaldu zuen Letek. «Joan zirenei» atalean, hainbat lagun ekarri ditu gogora: Leteren beraren aita zena, Xabier Lizardi, Julio Caro Baroja, Bitoriano Gandiaga, Jexux Arze, Julen Lekuona, Imanol Larzabal eta Joan Mari Lekuona. Bosgarrenari «Obabako lurraldeari begira» deitu dio, «Obabari begira hasi nituelako poema horiek». Atxagari ere «maitasunezko errekonozimendu bat egin nahi izan diot».
«Neguan izan zen» atalarekin amaitzen da bilduma, bera da, idazlearen esanetan, liburuari zentzua eta funtsa ematen diona. «Memoria eta maitasunezko aldarrikapen bat egin nahi izan dut, denok dakigu duela hiru urte, zer gertatu zen neguan».
Datorren astearte arratsaldean errezitaldia eskainiko du Iruñeko Planetarioan, 19.30ean, Joxan Goikoetxearen akordeoi doinuez lagunduta.