GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Kontsentsurik gabe, frustrazioa baino ez

Kontuak ez ziren ateratzen. Hala ere, BBK eta Kutxaren batzar orokorrek bi entitateon bat-egitea onartzea espero zuten haren sustatzaileek. Eta hala egin zuen BBKrenak, baina ez Kutxarenak, aldez aurreko kontaketa teorikoaren araberako bozetatik bat baino gehiagoren faltan. «Lekuz kanpoko» boz horiek norenak diren alde bat utzita, lehenengo sentsazioa seguruenik frustrazioa da. Gehiengoa dutenek, EAJ-EAk, hasitako operazioak, kontsentsu faltaren ondorioz, arrisku handia zuen, eta -CCOOren sostengua lortu bazuten ere- arrisku hori porrot bihurtu zen atzo gauean.

Frustrazioaren errua ez da, baina, bat-egitearen kontra egin dutenena. Erantzukizun osoa ekimen hori kontsentsua bilatu gabe bultzatu zutenena da. Bat-egitearen inguruan, gizarte eta nazio irizpiderik gabe itxaropenak sortu dituztenena. Horiek aurrezki kutxa indartsu baten beharra nabarmendu zuten; hala ere, zalantzak baino zerbait gehiago sorrarazten zuen kutxen izaerari berari dagokion kontu batek: kutxa indartsu hori zertarako? Izan ere, ustez funtzio soziala duten entitate horien kudeaketa entitate pribatuen jardueratik hurbilagoa izan da, eta ez, espero izatekoa zenez, laguntza handien behar duten gizarteko eta ekonomiako sektoreak aurrera ateratzeko bultzatzekoa. Bestetik, bat-egite proiektuak, Euskal Herriko markoa aipatuta, nolabait naziogintzan urrats gisa aurkezten zenak, egiaz Estatu espainolaren banaketa administratiboa ontzat jotzen zuen, batetik EAEko langileak eta bestetik Nafarroakoak ondo bereizita, baina nafarrak, gainera, Estatuko komunitate «espainol» batekoak balira bezala.

Entitate berria sortzeko saioaren porrotetik, nolanahi ere, atera liteke ikasbiderik. Eta EAJk bereziki atera beharko luke, operazio horretan alderdi horren jokatzeko era nabarmendu baita. Euskal alderdiek, programa politikoa edozein dutela ere, gehiengo sozialaren interesen araberako akordioak lortu behar dituzte, akordio horiek aurrera ateratzeko gehiengoak, eta ez alderdi interesen araberakoak. Bukatu da inposizio garaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo