TOP 14
Gonzalez Staderen aurka estreinatuko da
J.L. | BIARRITZ
Entrenatzaile aldaketarekin garaipena seguru izaten dela esan ohi da, eta horixe itxarongo dute gaur Biarritzen zaleek, Jean Michel Gonzalez, taldeko ikur eta kapitaina izandakoak, gaur zuzenduko baitu lehen aldiz talde zuri-gorria.
Pentsatzekoa zen, taldearen ibilbide motela ikusita, aste nahasia izango zutela, eta halaxe izan da. Jacques Delmas taldetik bidali dute, eta Jean Michel Gonzalezek hartu du bere lekua. Bera ahaleginduko da Biarritz dagoen lekutik atera eta lehen lau postu horietan sartzen.
Hasiera ez du erraza izango Gonzalezek, gaur Stade Français hartuko du, eta datorren asteburuan berriro ere Heineken Kopari heldu beharko dio, eta hor erabaki daiteke Olympiquen etorkizuna. Datozen bi partidak etxean izango ditu, eta bi garaipen erdiesten baldin baditu, indartuta aterako da.
Jokalari bezala handia izan da Gonzalez, eta horretan ez dauka inork zalantzarik. Bi Liga eta Kopa bat irabazi ditu, eta Heineken Kopan puntan ibili zen talde lapurtarrarekin, aurrez aipatu bezala, taldeko ikur eta kapitain bihurtuz. Entrenatzaile bezala, ordea, oso eskarmentu urrikoa da, ASB Baionako taldean aritu izan arren, goi mailako talde bat lehen aldiz zuzenduko baitu orain. Gauzak pixkanaka ikasten omen dira, baina horrela ibiltzerik ez du izango Jean Michelek, taldeak puntuen premia itzela baitu.
Gaur, 16.30etik aurrera Stade Français hartuko du, eta garrantzi handiko partida da. Pariseko taldea hirugarren dago, eta gaurko norgehiagokan zuri-gorriek garaipena erdietsiko balute, urrats handia emango lukete aurrera. Galduta, aldiz, beherako bidean jarraituko lukete.
Ohorezko Maila
Ohorezko Mailan, Ampo Ordizia da ongien dabilen euskal taldea, eta bihar ere beste garaipen bat erdiesteko parada izango du, 12.00etatik aitzina La Villa talde igo berria hartuko baitu. Axio Arañaren mutilek ezin dute hutsik egin eurak baino talde apalago baten aurka, sailkapeneko goialdean kokatuta jarraitzeko parada emango die-eta garaipenak.
Getxo Artea ere ez dabil gaizki, baina bide on horretan jarraitzeko komenigarria da bihar Santboianari irabaztea. Faduran hartuko dute 12.00etatik aurrera.
Premia handiarekin dabilena, Pegamo Bera Bera da. Donostiarrek talde oso ona egin dute, helburu handiak lortzeko asmoarekin, baina emaitzak uste baino kaskarragoak dira.
Les Abelles igo berriaren zelaian jokatuko dute bihar 12.30ean hasita, eta premiazkoak dituzte jokoan dauden lau puntuak.