GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Auzolan eta Abadiño dira denboraldiko lehen txapela lortzeko faboritoak

J.L. | DONOSTIA

Euskal Herriko launako Txapelketako lehen txapela banatuko da gaur Luiaondoko pilotalekuan, bertan jokatuko da 320 kiloko finala.

Auzolan A, Auzolan B, Abadiño A, Abadiño B, Sokarri eta Baiona dira azken ekinaldi honetan egoteko txartela lortu duten taldeak. Txapelketa hasi aurretik Abadiño zen irabazteko faborito nagusia, baina lehiaketako lehen bi jardunaldiak ikusita denak Auzolan taldeari begira jarri dira.

Astigarragakoen lehen taldea oso indartsu aritu da, eta jokatu dituen bi jardunaldiak irabazi egin ditu. Bigarrengoan, gainera, bigarren taldea sailkatu zen bere atzetik, eta horrek zerbait esan nahi du.

Nahiz eta hasiera honetan bizkaitarrek ez duten eman aurrez itxaroten zena, denak gaurkoaren zain daude, Auzolan estu hartuko duenaren errezeloa baitago. Hala ere, lehen faseko saioak ikusita, gipuzkoarrak dira faboritoa.

Nafarroan, berriz, Zortzinako lehiaketa ari da jokatzen, eta gaur Lesakan izango da saioa, 18.00etatik aurrera. Bertan, 600 kilotan gizonezkoak arituko dira, eta bi saio jokatuko dituzte, bi talde besterik ez baitira. Amaiur eta Txantrea.

500 kilokoan, emakumezkoetan, azkeneko ekinaldia jokatuko da, eta txapela izango dute lehian. Bi jardunaldiren ostean, Beti Gazte dago lehen postuan, baina puntu erdi bat besterik ez dio kentzen Sakanari. Gaur etxean arituta, beraiek aterako dira faborito. Amaiur eta Txantrea ere izango dira gaur arratsaldeko ekinaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo