GARA > Idatzia > > Kultura

Eliseo Gilek zalantzan jarri ditu aurkikuntzak faltsutzat jotzen dituzten txostenen ondorioak

p042_f01_147x132.jpg

GARA | GASTEIZ

Pasa den astean Arabako Foru Aldundiak Lurmen enpresa Iruña-Veleiako lanetatik baztertzea erabaki zuenetik, Eliseo Gil arkeologo eta aurkikuntzako zuzendari ohia bere defentsa lana zorrozten aritu da buru-belarri. Atzokoan prentsaurrekoa eman zuen berriro eta zuzenean jo zuen adituek igorritako txostenetara. Haren hitzetan, guztira aurkeztu izan diren 25 txostenetatik bakarrik hamarrek erakusten dituzte ondorio «negatibo finkoak» eta, beste guztiak, «neutroak» omen dira. Gaineratu zuenez, Iruña-Veleian agertu ziren euskarazko idatziak faltsuak izan litezkeen zurrumurrua zabaldu zenetik, «hipotesi hori ez den beste bat ikertzeko borondaterik ez da egon».

Arabako Foru Aldundiak nazioarteko adituei ikerketa bat egiteko eskatu ostean, dokumentu horiek pasa den azaroaren 19an eman zituzten ezagutzera, eta hala, aztarnategiko zeramika piezetan agertutako grafitoak faltsuak zirela baieztatzen zuten. Ordutik, faltsukeria zurrumurruak bolo-bolo ibili dira bazterrik bazter, eta pasa den astean Aldundiak Lurmen enpresa Iruña-Veleiako indusketa lanetatik alboratzea uztea erabaki zuen. Eliseo Gilen esanetan, «nabarmen uste okerra» da dokumentu horien ondorioetan iritzi bateratua dagoenik eta, tartean, argudio «partzialak, zalantzazkoak eta interpretazioak» nahasten direla azaldu zuen. Gainera, auzi hori ikertzeaz arduratzen den batzordeak ondorioak azaltzeko txostenik ez duela argitaratu aipatu zuen, eta soilik Aldundiko langile batek egin duela nabarmendu.

«Akusazio larria»

Aztarnategian aurkitutako grafitoen egiazkotasunaz galdetzean, horien irakurketa era askotara egin daitekeela argudiatu zuen: «Batzuek RIP irakurtzen duten tokian, besteek marrak ikusten dituzte». Horrela, zuzendari ohiaren iduriko «akusazio larria» da idatzi horiek orain dela bi urte egindakoak direla esatea, batez ere, «ez dagoelako frogarik», eta aurkikuntzen jatorria argitzen ez duten «iritzi nahasi asko dagoelako». Zuzendari ohiaren esanetan, inork ez du «ikerketa sineskor eta arrazoiturik» aurkeztu, eta, era berean, «ez dago manipulazioak egon direla frogatzen duen zantzurik». «Bidegabe manipulatuak» sentitzen direla ere nabarmendu zuen eta, «egon daitekeen ardura guztia» bere gain hartzen duela, baina «ardurak beren gain hartu beharko dituzten beste erantzule batzuk» ere egongo direla uste du.

Horiek horrela, datorren astelehenean Arabako Foru Aldundian bere taldearen alegazioak aurkeztuko dituela jakinarazi zuen eta ez zuen albo batera utzi Batzar Orokorretan bere bertsioa emateko agerraldia eskatzeko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo