Urtzi Urrutikoetxea 2008/11/23
'Enaltecimiento, what is this?'
berria
Argala borrokalari antifrankista goraipatzeak (Euskal Herria eta bide batez Espainia Carreroren diktaduratik libratu zuena), Mussolini exekutatu zuten partisauak laudatzea edo Hitlerren aurkako atentatugileak ohoratzea bezala beharko zuen. Egunkaria itxi eta inkomunikazioan torturatzen dutelarik estatuburuari torturatzaileen buruzagi deitzea, torturaren larriaz arreta erakartzeko berbazko probokazio soil. Eta «aurrera bolie» esatea, «ni un paso atrás» bezain hutsala, juridikoki begiratuta. Baina urratsak egin dira, eta jendea ohitu. «Terrorismoa goratzea» zigorgarri zela erraz sinetsarazi zioten jendeari, eta berbak zigorra behar duela.
Hori bera egiten du Turkiak, baina sekulako presioa jasaten du 301. artikulua (turkiartasuna iraintzea) kode penaletik ken dezan. Espainian aurkako bidean doaz. Argala goraipatzea eta Espainiako erregea iraintzea izan dira euskal politikari garrantzitsuenetakoa espetxeratzeko motiboa. Orain beste pertsona baten estradizioa are justifikazio zailagoekin lortu nahi dute. Baina «apologia» eta antzeko delituak existitzen ez diren herrialde batekin egin dute topo. Erresuma Batuak kolonialismo basatia egin izan du, gerra zikina, baina XXI. mendean, apologia eta adierazpen askatasuna balantzan jarritakoan oso argi daukate bakoitzaren pisua. (...)
Autoritarismo espainiarrak zipriztin dezakeela iradokitze hutsak amorru bizian jarri du EA, normala den legez. Baina poliziak alderdiak ikertzea eta milaka herritar legez kanpo uztea lehen ere bazen bidegabea. Bertolt Brechten poema gogoratzen duzue?