GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Bateko fusioen herria

Bai kuriosoa gurean gertatzen dena. Ez da bakarrik batzekoa izan dena batu gabe geratzea, gehiago da: lehendik batua zena bera ere banandu egiten dela! Horra kutxekin gertatu berria, ez lau, ez hiru, ez eta bi ere, zenbat eta bat! Bakoitzak berean segitu beharko du, botoak boto. Bateko fusioa! Horra ere, bere burua demokratiko ofizialtzat hartzen duen nazionalismo instituzionalean gertatua, bakoitzak bere aldetik eutsiko dio hurrengo boto-kutxontzien aurreko erronkari. Hauxe kolpea! Kutxen bat egitearen aldekoak dira banandu direnak! Zertarako banandu eta gero jelkideak kutxen bat-egitearen kontrakoekin batzeko aurrekontuen kontuan. Kontuak atera! Euskal politikak aspaldian dio itxura hartua Kubako etxeetan lagunek egiten ohi duten jaiari, «rojo» esan eta dantzan diren guztiek bikotekidea aldatu behar izaten dutenekoa. Ene, ene, ez dago gurean den saltsa ulertuko duen artzapezpikurik. Batua eta banandua aurrez aurre! Dialektoen berpiztea dator! Tira, harira, ea zentratzen naizen. Baina gure iparrean gauzak ez daude hobeto. Horra, horko Garapen Kontseiluak aurkeztu berri dituen proiektuen artean Pays Basque lurralde-marka sortzea dago, erantsitako balio komertzial gisara edo. Kontua zein izan eta hauxe, une berean Baionako Merkataritza Ganbera desagertu eta Bordelekoaren sukurtsal bihurtzea deliberatu dutela horretaz deliberatu dutenek. Zer edo zer ulertu? Gainera, Pays Basque marka hori aurretik da erabilia Frantziako hexagonoan, hegoaldeko txirrindulariek ipurdian izaten baitute ikusgai tourraldietan. Ez, ez da erraza gurean dena ulertzea.

Dena dela, lasaitu ederra hartu dut Ajuria Eneko maizterrak gure gatazkaren konponbidea Hegoafrikako artzapezpiku jatorraren eskuan utzia duela jakitean. Bazen garaia eliza inplikatzeko, hego hemisferioko hego muturrekoa bada ere. Ez gara haltzari fruitu eske joango ezta? Tira, orain falta dena Nafarroakoa inplikatzea da, Eliza diot, ez haltza, kutxen bat-egitean inplikatu ere. Hango artzapezpikuak badu hemen bere zereginerako abiapuntu egokia, Maltzagako mahaia. Urbinakoa da falta zaigun mahaia. Bi altzari horiekin polo subiranista abian izango litzateke, sendo, urtua izateko beldurrik bat ere ez. Gainera, Groenlandia dugu orain subirautza bidean bidaide. Jai du beroketa globalak gure polo horrekin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo