GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Biharko eginkizun ekonomikoaz hitz bi

Finantza-kapitalismoak kalte egin du. Kaltea izugarria da, mundu mailako izurritearen antzekoa. Irtenbidea, aldiz, gure esku dago: ekonomia erreala da bultzatu behar dena, finantza-kapitalismoa behin betiko alboratuz

Gehiegi izango litzateke hic et nunc etorkizuneko sozialismoaz hitz egitea, nahiz eta Euskal Herriko zenbait bazterretan hitz hori, sozialismoa alegia, etengabe aipatua izan. Ez dakit, bada, bihar-etziko sozialismoa nolakoa izango den (alta, testu sakratuen exegesia ezagunegia dugu eta oso aspergarria da, benetan).

Baina jadanik zenbait gauza ezagutzen ditugu. Kasurako, badakigu ez dela nahikoa euskal banku zentral batek euroa jaulkitzea. Euroa benetako diru politiko bihurtzea bultzatu behar dugu. Beraz, hala Europar Batasunean nola Euskal Herrian Altxor Publikoa izan behar da nagusi.

Horretaz gain, aldaketa ekonomiko sakon batzuetan eta soilik horietan datza Euskal Herriaren errepublika independentearen subiranotasun ekonomikoa eta monetarioa: lan-indarra eta kapital industriala (biak) babestea; segurantza soziala bermatzea; zerga progresiboak ezartzea; espekulatzaileei trabak, oztopoak eta zergak jartzea; industriari kredituz hornitzea; kreditu-ekonomia martxan jartzea eta enpresa txiki eta ertainetako enpresaburu berrien eta langileriaren arteko itun estrategikoa gauzatzea (itun estrategiko horretara iristeko, langileriak bere politika argi, garbi eta zehatza eduki behar du, bestela jai).

Finantza-kapitalismoak kalte egin du. Kaltea izugarria da, mundu mailako izurritearen antzekoa. Irtenbidea, aldiz, gure esku dago: ekonomia erreala da bultzatu behar dena, finantza-kapitalismoa behin betiko alboratuz.

Sozialismoaz irakurleari zorabiatu gabe (eta aspertu barik!), askoz hobea izango litzateke gaur egungo finantza-kapitalismoa ezagutzea, egungo ustiakuntza zer-nolako parametrotan mugitzen den eta, posible balitz, lan-indarraren alde, herri xehearen alde eta are industriaren (eta zerbitzuen, batez ere zerbitzu sozialen) alde arituko litzatekeen ekonomiaz zertxobait plazaratzea.

Gutxi dakigunok eta duda eta eztabaidan murgiltzen garenok, badakigu zeintzuk diren mundu mailako oligarkia finantzarioaren proposamenak (ikus GARAn argitaraturiko «Klase-borroka globala» artikulua). Oligarkia horren kontra, hona hemen lan-indarraren alde, jende xehearen alde, eta gure Euskal Herriarentzat oso garrantzitsuak diren enpresa txiki eta ertainetako enpresaburu berrien aldeko zenbait proposamen. Irakurleak erabakiko du ea ezkerrekoak diren.

Europari begira:

(a) Europa mailan dolarrari alternatiba bat eraiki behar zaio.

(b) Europako Banku Zentrala (eta balediko Euskal Herri independenteko banku zentrala ere bai) Altxor Publikoan sartu behar da, zeren Altxor Publikoak izan behar baitira nagusi, ez banku zentralak.

Eta barnera begira (ikus http://www.counterpunch.org/hudson11172008.html eta http://www.counterpunch.org/hudson11212008.html):

(c) Bankugintza modernoaren oinarrizko printzipioa hauxe da: «maileguek gordailuak sortzen dituzte». Banku-mailegua da lehena -gero gordailua edo «aurrezkia»-. Horrek ez du suposatzen inolako aurrezkirik. Aitzitik, kreditu-sortzea inplikatzen du, zeinean bankuek monopolio legala baitaukate. Kreditu-sortze hori berori dago arazoaren muinean, ez aurrezkien garapena.

(d) Zer egin dute bankuek kreditu-sortzearen pribilegio horrekin? Haien mailegu ia guztiak erabili izan dira jadanik existitzen diren (higiezin errealeko, akzio eta bonoko, edo konpaini osoko) aktiboak erosteko, edo babes-fondoei gaur egungo kasino-kapitalismoak ezaugarritzen dituen deribatiba finantzarioen jolas matematikoekin jolasteko.

(f) Ondorioz, oraingo merkataritza-bankugintzako sistemak kreditu-sortze autonomoen bidez zor-zama ikaragarria ekarri du (AEBetan eta nonahi). Beraz, zuzendu behar dena merkatu finantzarioa bera da.

(g) Hortaz, merkataritza-bankugintza aurrezki klasikoen estilora itzuli behar da, bankuen erreserbak %100etan izanik.

(h) Alegia, banku zentralen funtzio monetarioak Altxor Publikora itzuli behar dira (ekonomialari batzuen iritziz, sistema monetarioa da nazionalizatu behar dena, ez bankuak eurak).

(i) «Aberastasuna sortzea» ez dagokio orain arte gertatu den aktibo-prezioen puzteari, kapital eraketa berri baten finantziazioari baizik.

(j) Jadanik ezaguna datekeenez, finantza-kapitalismoak lan-indarra eta kapital industriala ustiatzen ditu. Hortaz, kapital industrialari begira kreditu-ekonomia berri bat abian jarri behar da.

(k) Hortaz, 1930ko hamarkadan erabilitako «Chicago Plan»aren antzekoa bultzatu behar da.

(l) Ez dago «merkatu librea». Ekonomia guztiak planifikatuak izan dira. Irtenbidea nolabaiteko ekonomia mistoa martxan jartzea da, non aurreko puntu guztiak kontuan hartuko diren.

(Euskal Herriari dagokionez, historikoki oso interesgarria zen ANV-EAEkoek planteatu zuten ekonomia mistoa. Gaur egun, aldiz, ekonomia mistoa beste modu batez ulertu beharko genuke. Izan ere, bankuen eta enpresa handien «nazionalizazioek» ez dute zentzurik, malgré testu sakratuen exegeta mota guztiak).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo