GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Numantzia dator San Mamesera

Ondorioak izango dituen partida, emaitza bata zein bestea izan

Athleticek jaitsierako postuetatik irteteko aukera dauka. Galduz gero, berriz, taldea oso gaizki geratuko litzateke eta entrenatzailearen postua, kolokan.

p038_f02_666x666.jpg

 

ATHLETIC - NUMANTZIA

GARA | BILBO

Denboraldia hasi besterik ez eta, Athleticek berriro ere final antzeko bat jokatuko du. Zuri-gorriek beraiek hitz famatua erabili zuten Osasunaren aurkako derbiaren aurreko egunetan, eta, zer ez da, bada, esango gaurko norgehiagokari buruz?

Gauza bera, final bat dela, talde bilbotarraren egoera ez baita bi aste hauetan aldatu. Edo, aldatzekotan, okerrera egin du, jaitsierako postuetan jarraitzen baitu, egoera aldatzeko epea, gutxi bada ere, txikitu den bitartean.

Final guztiek bezala, Numantziaren aurkako partidak ondorioak izango ditu, emaitza bata zein bestea izan. Eragin lasaigarria izango du, noski, irabaziz gero, talde zuri-gorria gaur bertan irtengo bailitzateke jaitsierako postuetatik. Benetan kaltegarria, berriz, San Mamesen bertan beste porrot bat jasaten badute: azken postuetan jarraitzeaz gain, egoera tamalgarrian geratuko litzateke Athletic bera. Eta are gehiago, entrenatzailea: izan ere, zuri-gorrien aulki utz lezake Joaquin Caparrosek gaur emaitza txar bat jasoz gero.

Caparros, lasai

Entrenatzaileak, hala ere, ez dio gehiegizko garrantzia eman nahi azken aste hauetan bere etorkizunari buruz esaten ari diren guztiari. Beharbada, atzo aitortu zuenez, kritikarik irakurri ere ez duelako egiten. «Buruz dakit AEBetako hauteskundeetan zer gertatu den, krisialdia, Euriborra... Hori da irakurtzen dudan informazioa. Gainontzekoa... Ez dut ezertxo ere irakurtzen. Ez dakit ezer berritu ote didaten, edota gaizki ala ondo hitz egin duten niri buruz».

Caparrosek, ildo berberari eutsiz, azpimarratu zuen presioak edota kritikek ez diotela eragiten trabarik. «Futbola hain dudanez gustukoa, egoera hauetan ere gogoko dut. Ez dago presiorik eta kritikek ez didate eraginik egiten, ez onerako, ez txarrerako. Profesionalok urrunetik entzun behar ditugu beti bai laudorioak eta bai kritikak».

Entrenatzaile andaluziarrak, gainera, itxaropentsu begiratzen dio taldearen etorkizunari. Izan ere, iazko postua hobetuko dutela uste du, eta, beraz, Europarako postuen lehian izateko aukerak dituztela ere bai.

Entrenatzaileak, azkenik, gaurko partidari buruz hitz egin zuen, eta Numantzia talde «indartsu» eta «eredugarria» dela nabarmendu zuen. «Norgehiagoka zaila izango da, baina ez Osasunaren aurkakoa baino gehiago. Antzeko jokoa egin behar dugu eta gure jokalariengan konfiantza eduki».

Amorebieta, minduta

Jokalari horien artean ez da Fernando Amorebieta egongo, mindu antzean baitu ezker belauna. Hasierako hamaikakoan haren lekua Xabi Etxeitak beteko du, San Mamesen denboraldiko bigarren partida jokatuz. Joseba Etxeberria ere deialdian sartzeko prest dago.

Caparrosek, azkenik, ez zuen jakinarazi zein izango den Orbaizen ordezkaria, Yeste ala Gurpegi, baina badirudi basauriarrak aukera gehiago duela.

 
LESIOAK

Defentsak buruhauste handiak sortzen dizkio aurten Caparrosi. Oraingoan Amorebieta da min hartu duena -ezker belaunean- eta, beraz, Xabi Etxeitari lekua egingo dio hamaikakoan. Joseba Etxeberria, berriz, gripea osatuta, jokatzeko moduan dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo