GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EAE-ANVk legez kanporatzeei beldurrik ez diela berretsi du bere 78. urtemugan

San Andres bezpera aukeratu du EAE-ANVk 78. urtemuga ospatzeko. Arrasaten egin zuten ekitaldia eta bertan, beren eratze manifestua gogora ekarriz, «ilegalizazioaren bideari beldurrik ez» diotela berretsi zuten. Independentzia eta sozialismoaren alde lanean jarraituko dutela ere ozen nabarmendu zuten. EAJren kontra kritika gogorrak jaurti zituzten Arrasaten, eta «polo subiranoa eratzekotan» haiek kanpoan gelditu beharko luketela defendatu zuten.

p017_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

Gaur, San Andres egunarekin batera, 78 urte betetzen ditu ezker abertzalearen kimua izan den EAE-ANVk. 1930eko azaroaren 30ean ekin zion bideari alderdi ekintzaileak, Bilboko Erronda kalean; eta egun, zortzi hamarkada luzeren ostean, bere ondare ideologikoa, Euskal Herrian «inoiz baino sustraituago» dagoela frogatzeko ekitaldia egin zuten atzo Arrasaten.

Iraganak eta orainak parekotasunak dituztela agertzearren, San Andreseko manifestuaren, EAE-ANVren manifestu eratzailearen, pasarte bat ekarri zuen gogora Arrasateko alkate Ino Galparsorok. Horrela zioen 1930. urtean alderdi ekintzai- leak Gobernu espainolari zu-zendutako mezuak: «Hausnar- tu dezala har dezakeen erantzukizunez, gu bide legaletik kan- po borrokara eramaten gaitunak, benetan sentituko genuke baina ez dugu beldurrik. Ez diogu ilegalizazioaren bideari beldurrik».

Kasik laurogei urte igaro direnean, Galparsorok zein alderdiko idazkari orokor Txarli Gonzalezek esaldi hau XXI. mendeko ekintzaileentzat «profetiko» bilakatu dela adierazi zuten. Izan ere, Gobernu espainolak aurten ere bere legalitatetik at utzi baitu EAE-ANV.

«Frankismoak berrogei urtetan lortu ez zuena, ez du neofrankismo espainolak orain lortuko». Argi eta garbi hitz egin zuen Galparsorok Arrasateko Kultur Etxeko entzuleen aurrean. Alkatearen iritziko, gainera, «ezinezko da EAE-ANV herriaren errotik ateratzea».

«EAJrekin inoiz ez»

Iragana atzean utzi eta etorkizunari begira so jarri zen Galparsoro, hitzetik hortzera dagoen «polo soberanistaren» inguruan arituz. Euskal Herriaren independentziaren aldeko indarrak batzea EAE-ANVren aukera dela baieztatzeaz gain, ekintzaileek aberria «alderdikeriaren gainetik» beti jarri dutela nabarmendu zuen Gonzalezek.

Alta, «benetako polo subirano, euskaldun eta aurrerakoia» sortzeko, politika ezkertiarrak eta subiranotasuna aintzat hartzen ez dituztenak kontuan hartu gabe eraiki beharra dagoela defendatu zuen Galparsorok. «EAJ albo batean utzi behar da betiko», sostengatu zuen arrasatearrak.

Horiek horrela, subiranotasunaren bidean gauzatzen diren ekimenetan ekintzaileek parte har dezaten, EAJk ezingo lukeela bertan egon argi adierazi zuen Galparsorok. «EAJ bertan egonda, inondik inorako beste bidaia batean sartuko ginateke. Eta gu ez gaude prest horretarako», azaldu zuen.

Urkullu buru duen alderdiaren kontra gogor jardun zuen, «euro alderdi jeltzalea» bilakatu dela esanez, eta herri honetan egon diren saiakera subirano guztiak «boikotatu» dituztela gogor salatuz. Horren lekuko gainera, Santoñan, Xibertan, Aljerren, Lizarra-Garazin edota Loiolan gertatutakoak aipatu zituen Galparsorok.

Arrasateko ekitaldian, Galparsoro eta Gonzalezekin batera, Arantxa Urkaregi, Kepa Bereziartua, Alberto Muñoz edota Antxon Gomez ere izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo