GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ikurrinaren aldeko eguna antolatu du Bai Euskal Herriari ekimenak Leitzan

«Geurea ikurrina» lelopean, euskal ikurrak defendatzeko hitzordu nazionala antolatu du Bai Euskal Herriari ekimenak abenduaren 13rako. Makina bat elkartek eta leitzarrek eman diote babesa egunari eta «gure nortasuna ukatzen dutenen aurrean» zutitzeko deia egin dute.

p021_f01_111x111.jpg

O.L. |

Euskal erakunde guztietako mastetan ikurrina kulunkatzen ikusi nahi du Bai Euskal Herriari ekimenak, eta horretarako, euskal nortasuna eta izaera ukatzen dutenen aurrean zutitzea ezinbestekoa dela deritzo. Herri honen «izatea eta etorkizuna bahitzen duten sinboloek» euskal herritarron erakundeetan lekurik ez dutela uste du herri ekimenak, eta hori dela-eta, bandera horiek ongi etorriak ez direla ozen esateko ekitaldia eta manifestazioa antolatu du Leitzan datorren abenduaren 13rako.

Makina bat leitzar batu zen atzo udaletxeko batzar aretoan bertan aurkeztu baitzen, «Geurea Ikurrina» lelopean, datorren abenduaren 13an egingo den ekitaldi nazionala. Bai Euskal Herriari ekimena da egunaren antolatzailea baina larogei bat leitzarren eta elkarte ugariren babesa jaso du ikurrinaren aldeko jai honek.

Sinatzaileen artean hamaika ikasle, langile eta erretiratu dauden arren, hainbat leitzar ezagun ere topa daitezke zerrenda luze horretan. Horien artean, Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriola pilotariak, Mieltxo Saralegi harri-jasotzailea, Patxi Astibia aizkolari ohia edota Xabier Zabalo Leitzako alkatea. Eragile babesleen artean aniztasuna nagusi da, hogeita bost eragile biltzen dituen zerrendan haur eskola, jubilatuen elkartea, bertsozale talde edota preso taldea aurki baitaitezke.

Lakuari galdera zuzena

Leitzarrekin batera, herri ekimeneko eleduna den Mikel Luluaga egon zen eta egun, euskal ikurrak «desagerrarazteko eta atzerriko banderak inposatzeko erabakia gauzatzen» ari dela ohartarazi zuen. Batetik, Nafarroa Garaian, Ikurren Legea ezarriz ikurrinaren erabilera instituzionala legez kanpo utzi dutela salatu zuen. Eta, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan aldiz, ikurrina «balore politikorik gabeko sinbolo folkloriko gisa» sustatu izana gogor kritikatu zuen Luluagak.

Agerraldian gogoan izan zuten, Auzitegi Goren espainolak Gasteizko parlamentuari bandera espainola jartzeko berriki emandako agindua. Leitzatik galdera zuzena helarazi zioten Lakuako Gobernuari: «Orain, ikurrinari tokirik egin gabe hainbat urte igaro ondoren, espainiar ikurra jarri behar al duzue, Nafarroa Garaiko parlamentuan UPN eta PSNk jarri zuten bezala?».

Azken urteetan, euskal lurraldeetan euskal ikurren aurkako hainbat pauso eman izan direla salatu ondoren, datorren abenduaren 13an Leitzan egingo den ekitaldi eta manifestaziora joateko deia egin zuten.

manifestazioa

Eguerdian izango da eguneko hitzordu nagusia: 13.00etan abiaraziko dute manifestazioa joaldun eta dantzariek; ibilbidea bukatuta, ekitaldia izango da udaletxearen aurrean.

jaia

Aldarrikapenaz harago, aukera zabaleko egitaraua prestatu dute Leitzan abenduaren 13rako. Herri kirolak, herri bazkaria, dantzaldi-erromeria, kale animazioa eta kontzertuak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo