Pala Banakako Munduko Pala Txapelketa
Ekinaren ekinez Munduko Txapela ere lor daiteke
Fustok ez zuen bere mailarik onena eman eta Esteban Gaubeka jaun eta jabe izan zen Deportivon.
Koldo AKORDARREMENTERIA | BILBO
Esteban Gaubekak merezimendu osoz lortu zuen atzokoan Munduko Buruz Buruko txapela. Armintzarrak sekulako partida jokatu zuen eta aukera gutxi eman zion ohikoa baino maila baxuagoa eman zuen Fustori. Pilotari argentinarrak, antza, Gabonetako izpiritua jada barneratu egin du eta opari larregi egin zituen lehiaren hasierako aldean. Akats horiek bikain probestu zituen Gaubekak, eta azkar batean alde handia ezarri zuen markagailuan.
Norgehiagoka gogorra jokatu zuten pilotariek -72 minutu-. Biek ere ongi zekiten atzokoa aurreko koadroetan erabakiko zela, eta horretan aritu ziren une oro. Gaubeka, Fusto eta aurreko koadroak. Koktel horrek emaitza posible bakarra dauka: ikuskizuna. Ondo eskertu zuten hori Bilboko Deportivora hurbildutako zale guztiek.
Partida bizia jokatzen ari ziren bi pilotariak; bizkorra eta polita. Baina eskatzea libre da eta atzokoari zerbaiten falta hartzekotan, emozio falta izan zen. Lan-erdietarako bi pilotarien arteko aldea oso handia zen, 18-9. Fustok, ordea, ez zuen amore eman eta denek itxaroten zuten erreakzioa heldu zen. Tangoaren ezaugarriak palan ere badaudela ikusi, eta haiek barneratzen saiatu zen: zehaztasuna, abiadura eta indarra. Oraindik Gabonak urruti daudela konturatu zen Pablo Fusto eta susperraldi horrekin bi tantora hurbildu zen Buenos Aireseko jokalaria, 26-28. Falta zen gauza bakarra iritsi zen azkenean markagailura. Baina askotan esaten den bezala, azken orduko lanek ez dute emaitza onik ematen, eta hala gertatu zen. Gaubekak gogor eutsi zion bulkadari, eta 1-7 azken partzialarekin kolpe batez desagerrarazi zituen Fustoren itxaropenak.