Komikiaren artean murgilduta, zale eta marrazkilarientzako topagune bihurtu da Getxo
Getxoko zazpigarren Komiki eta Manga Azokak, komikizale eta irakurle ugari bildu zituen atzokoan. Mahai-inguruak, solasaldiak, egileen sinadurak, jokoak... «Otaku»ek huts egiterik ez zuten hitzordua izan zen.
Rebeka PARRAS | GETXO
Getxoko Komiki eta Manga Azokaren VII. edizioak, komikigile eta komikizale andana bildu zituen atzo. Goizetik hasi eta solasaldiak, sinadura txandak eta mahai-inguruak izan ziren; halaber, marrazteko, makilatzeko edota joko ugaritan aritzeko aukera eskura eduki zuten Getxoko komikiaren topagunera bertaratu zirenek.
Iñaki Elorriaga aretoko arduraduna, pozik agertu zen izandako bisitariekin eta gainera, urtetik urtera edizioek, baita marrazkiek ere erakusten duten kalitatea nabarmendu zuen. Komikiez gain, posterrak, pertsonaia desberdinen panpinak, katanak, aizkorak, rol jokoak, arropa... biltzen dira azokan. Halaber, bildumazaleentzako edizioak aurki daitezke: «Tbeo» eta «Capitán Trueno» bezalako argitalpen klasikoetatik, 80ko eta 90ko urteetako «Robocop» eta «El Cuervo» berriagoetara.
Marrazkilariak zaleengana gerturatu ziren sinadura txandetan. Egun osoan zehar, ilarek amaigabeak ziruditen. Horretan, besteak beste, Salvador Larrocaren neurriko egileak parte hartu zuten. Marrazkilari kataluniarra, «X Men» agerkariaren marrazkilaria da eta atzokoan, bere sinadura lortzearren, jarraitzaileak pozik egon ziren zain. Haren ondoan, "Yo maté a Adolf Hitler" lanaren egilea, John Arne Saeteroy, Jason, eseri zen, zale ugari inguruan zituela. Egunean zehar beste hainbat artista igaro ziren bertatik; Miguel Gallardo, Sergio Cordoba edo Victor Santos, besteak beste.
Victoria Frances artistaren margolan gotikoak, zein Carlos Gimenez edo Victor Santos marrazkilarien binetak gune nagusian ikusgai daude.
Mangazaleentzako gunea
Bigarren urtez, otakuek hitzordu ekidinezina dute asteburu honetan, Getxon. Izan ere, karpa nagusiaz gain, berariaz manga komikiei eskainitako gunea prestatu dute bigarrenez antolatzaileek. Iñaki Elorriagak azaldu zuen iaz oso harrera ona izan zuela, eta hori ikusita, aurten berriz antolatzea erabaki dutela. Bertan, komiki eta liburuez gain, Ikebana loreen arteari eskainitako gune zabal bat dago. Horretaz gain, eta Japoniako enbaxadarekin elkarlanean aritu ostean, mozorro lehiaketa ere antolatu dute.
Umeentzat ere hainbat gune prestatuta dituzte bi karpetan, rol joko eta bideojoko ugaritan aritzeko, edota tailerretan parte hartzeko.
Azkenik, atzoko egitarauan euskal marrazkilarientzako tarte bat egin zuten, eta solasaldia eta mahai-ingurua egin zituzten. «Komikia bederatzigarren artea, manikuraren atzetik» izenburua zuen eztabaidak. Harkaitz Cano, Asisko Urmeneta, Antton Olariaga, Arthur Suydam eta Patxi Huartek parte hartu zuten, Dani Fanok zuzendutako mahai-inguruan.