GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Mendizorrotzatik at ere irabazi beharra dute arabarrek

 

CASTELLON-ALAVES

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Zelaiak egokiena ez dirudien arren -Castellók ez baitu oraindik partidarik galdu Castalian eta jokatutako azken sei neurketetan ez du porrotik izan-, Deportivo Alavesi heldu zaio Mendizorrotzatik kanpoko lehen garaipena eskuratzeko garaia. Iragan igandean Gironari etxean irabazita haize pixka bat hartu zuen arren, oro har etxetik at erakutsitako maila Castellóko neurketan hobetu ezik, larritasunak berriro ere handiak izango dira babazorroen artean.

Abel Resinoren taldean aldiz, gaurko partida gorantz begira jarraitzeko beste aukera bat da eta emaitzen arabera, igoera postuetan ere sar liteke Alavesi irabaziz gero. Mario Rosas Alaveseko jokalari ohiak gidatuta, pase motzean oinarritutako jokoarekin, Castellókoek sei partida daramatzate galdu gabe eta bolada on horri jarraipena eman nahi izango diote.

Cuevasek jokatzeko aukera

Hamaikakoari dagokionez, etxetik kanpo Bigarren Mailako bigarren talderik txarrena den Alavesen ez dirudi aldaketa handirik egongo denik. Garitano eta Emilio osatuta, Salmeronek jarraipena eman nahi dio taldeari eta Edu Albacar berriz ere jokatzeko moduan dagoen arren, badirudi aldaketa bakarra erasoko eskuin hegalean egon daitekeela. Bertan, ostiralean entrenamenduan egindakoaren arabera, Roberto Cuevasek beteko luke ohikoan Morenok bete ohi duen postua.

Etxetik at jokatutako azken partidan hiru erdiko atzelarirekin jokatzeko hautua egin zuen Salmeronek, baina bere uste guztiak amildegitik behera joan ziren berehala epaileak Edu Albacarri txartel gorria atera zionean. Dena gaizki irten zenez, badirudi gaurkoan Salmeronek 4-2-3-1 ereduari helduko diola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo