Top 14
Entrenatzaile aldaketak ez du ezer berririk ekarri
Lehen zatian itxuroso aritu ziren biarriztarrak, baina bigarren zatian frantziarren mende egon ziren.
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Entrenatzaile aldaketak ez du ezer berririk ekarri Biarritzera, atzokoan ere astindu handia hartu baitzuten lapurtarrek. Hala ere, Jean Michel Gonzalezi denbora eman beharko zaio, ez
baitu egun bat besterik izan atzoko partida prestatzeko.
Emaitzak dena argi eta garbi erakusten du. Frantziako taldea askoz ere gehiago izan zen, eta nahi bezala eraman zuen garaipena. Bi talde hauek azken urte hauetan garrantzi handiko norgehiagokak jokatu dituzte elkarren aurka, beti finalerdiak eta finalak edo sailkapeneko lehen postua jokoan dutela, baina atzo ez zen horrela izan.
Denboraldia hasi aitzin jardunaldiko partidarik garrantzitsuena zen atzokoa, baina gaur egun bi talde hauen artean alde handia dago, eta inork zalantzarik bazuen atzokoa ikustea besterik ez dago, Parisekoek nahi zuten guztia eta gehiago egin baitzuten, batez ere bigarren zatian.
Hala ere, zuri-gorriek lehen zatian ez zuten joko txarra egin. Ngwenyak aitzineratu zituen entsegu bati esker, eta zaleek itxaropentsu zeuden harmailetan. Lehen berrogei minutuetan ongi eutsi zieten paristarrei, nahiz eta jokoa ez zen izugarri horietakoa izan. Atsedenera berdinduta heldu ziren.
Bigarren zatian, kanpotarrek beste erritmo bat ezarri zioten partidari, eta euskaldunak erabat jota utzi zituen. Erasoan oso erraz aritu ziren, eta atzean, berriz, ez zuten lanik izan. Euskaldunek, berriz, dena gaizki egin zuten, gainditu egin zituen aurkariak. Hiru puntu besterik ez zituzten lortu, eta Stadek, aldiz, lau entsegu egin zizkien bigarren zatian. Garbi dago Gonzalezek lan handia izango duela talde honetan.