Ehunka hildako Nigerian, kristauen eta musulmanen arteko liskarretan
Ehunka pertsona hil dira -380, iturri batzuen arabera- Nigeriako Jos hirian kristau eta musulmanen arteko liskarretan. Istiluak ostegunean hasi ziren hauteskundeen emaitzak direla eta. Militarrek tiro egiteko agindua dute eta, jada, 10.000 lagunek ihes egin dute.
GARA |
Ehunka lagun, gehienak musulmanak, hil dituzte Josen, Plateau estatuko hiriburuan. Radio France International-eko berriemaileak adierazi zuenez, hiriko meskita nagusian 378 gorpu omen zeuden. Kalean zaurituak pilatzen zirela gaineratu zuen. Gehienak Armadak eta Poliziak egunotan jaurti dituzten gomazko piloten ondorioz zeuden zaurituta. Gobernuak etxeratze-agindua ezarri, eta militarrei tiro egiteko agindua eman die.
Liskarrak Estatuko hauteskundeen emaitzak direla-eta hasi ziren pasa den ostegunean. Kristauek sostengatzen duten PDP alderdi politikoak irabazi zuela zabaldu zen. ANPPren jarraitzaileek, gehienak musulmanak, errepideak moztu zituzten ostegun gauean protesta gisa. Ostirala eta larunbata bitartean, hainbat eliza, meskita eta etxebizitza erre zituzten. Karitatezko erakunde islamiar batek BBC kate britainiarrari egindako adierazpenen arabera, 300 pertsona baino gehiago hil dira.
Nigeriako Gurutze Gorriak kaleetan oraindik hainbat gorpu ikus daitezkeela plazaratu zuen. «10.000 pertsonek ihes egin dute. Elizetara, meskitetara nahiz polizia etxeetara joan dira babes bila», helarazi zuen Joseko Gurutze Gorriko zuzendari Dan Tomek.
«Auzo batzuetan kiskalitako gorpuzkinak daude. Izugarria da gertatutakoa», nabarmendu zuen kristauen ordezkari batek.
Aurrekariak
Halako gertaerak hainbat aldiz gertatu dira azken urteetan. 2001ean, mila pertsonatik gora hil ziren Josen. 2004an, kristau milizianoek 200 musulman hil zituzten Yelwa herrian.
Umaru Yar´Arduak presidentea 2007ko maiatzean agintean jarri zenetik, gertaerarik larrienak izan dira egunotakoak.
Jose hiriburura doan errepideak atzo moztuta jarraitzen zuen. Hegazkinez ere ez zen iritsi bertara. Militarrak lurraldean zabaltzeko agindu zuen presidenteak.