GARA > Idatzia > > Kultura

«Datorrena hartzeko, galderak egin eta entzuteko prest egotea da bidaiatzea»

p050_f02_148x256.jpg

Urtzi Urrutikoetxea

«Afrika express» liburuaren idazlea

Urtzi Urrutikoetxea (Bilbo, 1977) kazetari aski ezaguna dugu, besteak beste «Zazpika»rako egindako kolaborazioak medio. Bidaiari porrokatu, Euskal Herritik landa Latin Amerikan zein Ekialde Hurbilean ibili izan da sarri, baita Afrikan ere. «Afrika express» du oraintsu plazaratu duen bidaia kronika, Goreti lagunarekin batera Bilbon hasi eta Dakarren bukatu egindako bidaiaren lekukoa.

A. BILBAO | BILBO

Bilboko Miribilla auzo berrian hamar urte inguruko Renault Express zaharra atondu eta Dakarrerako bidean, iberiar Penintsula, Maroko, Mauritania, Mali eta Senegal gurutzatu eta bidaia kronika gisara liburu batean aipatu herrien berri eman digu Urtzi Urrutikoetxea Santutxuko kazetariak. Bidaia txundigarria Afrika beltzeko Tropikora, kafe bat lagun eta patxadaz, solasaldi atseginean kontatu diguna.

Bilbon hasi eta Afrika beltzerainoko bidaia egin duzue.

Bidaia zalea beti dago leku eta eremu berriei begira. Kasu honetan, Afrika beltzaren ametsak, beti sortzen du jakinmina eta bestetik uste baino hurbilago dugu, Maroko eta basamortuaren ostean. Gainera, gure aldera hango lagun ugari etorri da aspaldi honetan.

Basamortua zeharkatzen duen errepidea aprobetxatuz...

Bidaia zale ugari zebilen errepide horri begira, interneteko foroetan bidea egiteko zenbat falta zen informatzen. Batzuk, abenturazaleak eta, txarrerako gainera, pistatik ibiltzearen abentura zaleak direlako eta arrisku hori galtzearen beldur zirelako. Kontua da bertako biztanlegoari mesede izugarria egin diezaiokeela errepideak.

Edo aitzakia legez hartuta.

Gure abentura ikuspuntua ez da duna batean geldirik egotea, ez atzera ez aurrera. Nik mekanikaz ez dakit ezer eta errepideak aukera ematen dizu edozein autorekin joateko. Beraz, internet bidez jarraitu nuen errepidearen eraikuntza, eta bai, aitzakia zen bidea. Gainera, ebentualitate egoerak, baditu bere abantailak. Gabonen ostean lan gutxi dago, egunak Euskal Herriak laburrak dira neguan eta Tropikora jeistea aukera ona zen.

Renault Express zaharra hartuta milaka kilometro egiteko.

Nire lehenengo kotxea zen, lehen soldatarekin edo kobratu orduko erositakoa, eta behin baino gehiagotan utzi ninduen A8an botata. Askotan entzunda neukan hala ere, Afrikan bukaera hobea ematen zitzaiela gure kotxe zaharrei, izan ditzaketen arazoei irtenbidea ematen dakitelako. Zortzi hamar urteko autoa tailerrera eraman eta noraino joango ginen jakin gabe, aurrera.

Bikotean, honek dituen abantaila eta desabantailekin.

Eginak ditut bidaiak bakarka zein bikotean. Bakarrik joatea ondo dago batzuetan, nik egin izan dut beste inor aurkitu ez dudanean, gehiago zabaltzen zara eta jendea ezagutzen duzu. Bikotearekin ere, nire kasuan neskalagunarekin, besteekin distantzia ezar badezake ere, beste eremu batzuetara zabaltzen zaitu, kasu honetan gizonok hurbiltzerik ez dugun tokieetara adibidez, herrialde musulmanetan gizonak andreen eremuetara heltzea oso zaila baita.

Kilometro asko eta asko errepidean, etxetik urrun.

Kotxez zortzi mila kilometro inguru egin genituen autoa han utzi orduko eta gero autobusez beste milaka batzuk. Denborari dagokionez, esandako ideia jarraitu eta bi hilabete luze, urtarrilean etxetik irten eta martxo aldera buelta. Astiro astiro joateak kontrastea areagotzen du gainera. Hegazkinez joanda itogarriaere izan daiteke. Hamar orduan salto totala.

Helmuga irten aurretik zehaztu al zenuten?

Patxadaz ibili eta egunean egunean dagoena bizitzen ikasten duzu bidaian. Azkenean, funtsean Senegal eta Malin egon ginen batez ere, baina kontua ibiltzea zen, besterik gabe, joan eta joan eta joan. Nahiko patxadaz hartu genuen, argi izanda neguan geundela, Maroko ezagutzen genuela, eta Tropikora joatearen ideia genuela. Tira beherantza eta ikusiko dugu, zenbat denbora emango dugun.

Afrika, hain hurbil eta hain urruti.

Afrika ahaztua dago. Latinoamerika bere bidea aurkitu eta egiten dagoela ematen du, Asia zer esanik ez, bere sozialismo edo kapitalismo eredu arraroarekin. Eta Afrikak atzean jarraitzen du, Europatik neurri batean hurbilen duguna izan arren. Afrikarrak bai, badatoz gugana.

Abiatu zinetenerako liburua idaztea zenuen gogoan?

Magreb ezagutzen genuen baina Afrika beltzera egindako lehen bidaia zen eta hasieran ez zegoen liburua egiteko ideiarik. Ondo informatuta gindoazen, hori bai, izan ere, zapalduko duzun lekuari buruz ahalik eta gehien ezagutzearen aldekoa naiz, nahiz eta modu horretan bidaiari xarma puntu hori kendu, neurri batean zer aurkituko duzun susma dezakezulako.

Liburua idazterakoan, nola atondu bizi izandako guztia.

Bidaiatu bitartean idazten ari naiz beti, baina nahiko argi dut ez dela argitaratzeko modukoa. Gainera, distantzia hartu beharra ere badago eta liburua hozgailuan gorde tarte batez. Markatu zaituzten gauzei beste garrantzia bat ematen diezu denbora pasa ostean berriro irakurrita. Eta bertako kontuei informazioa gehitu eta janztea ere beharrezkoa da.

Lan nekeza, beraz.

Niri kostatu zait liburua idaztea. Nahi izan dut liburua orraztu, gauza batzuk nabarmendu eta beste batzuk ezabatu, jakinda asmoa zela bidaia liburu gehienak bezala arin irakurtzeko modukoa izatea. Bidaia liburu batzuetan ehun eta berrogehita hamar orritan kontatzen da hogei urteko bidaia. Gainera, egun bidaia liburuak ondo saltzen badira ere, gero eta zailagoa da inor joan ez den tokia aurkeztea eta gero eta errazagoa edonora bidaiatzea.

Herri bakoitzari buruzko informazio ugari eman duzu liburuan. Kazetaria zaren seinale.

Bloga egiten aritu nintzen, eta liburua egiteko proposamena jaso nuenean bidaia hartu nuen oinarrian irakurri nahi nukeen bidaia liburua egiteko. Ez zait bidaiaria protagonista duen bidaia kronika gustatzen. Kazetaria protagonista bihurtzen bada malo. Besteei eman behar zaie berba.

Frantsesez molda daiteke paraje horietan, baina hizkuntzetarako trebea omen zara zu.

Hizkuntzetan badut zaletasuna, baina lotsa gutxi, hori da giltza. Batzuetan ez dago modurik elkar ulertzeko, baina komunikatzeko gogoarekin eta lau berbarekin nahikoa izan daiteke. Gainera, inoren herrira joanda bertakoa ezagutzeko ahalegina egin behar duzu. Agurrak eta ikasi... ate asko zabaltzen ditu horrek.

Zein zapore utzi dizue Afrika beltzak... bueltatzeko gogorik?

Bertako herrietara hurbiltzen saiatu gara, ezagututako jendearen bitartez. Eta berriro ere joango ginateke, ondo prestatuta, noski. Bestalde, Niger ibaitik ibiltzeko gogoz geratu nintzen. Hurrengo batean, akaso.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo