GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Unai Txurruka IAko eleduna

Goirizelaiaren arka eta ikasleon uholdea

Noek uholde nagusia ekiditeko egin bezala, Goirizelaiak ere arka bat eraiki du ikasleon uholdea ekiditeko. Hiztegiko sinonimoak erabiliz, ontzi bat edo kutxa bat eraiki duela ere esan genezake. Noek animaliak babestu nahi zituen, eta Goirizelaiak, berriz, bere negozioaren partaide direnak (animaliak ere esan genezake, baina ez gara deskalifikazioetan sartuko). Izan ere, zerbitzuen pribatizazio garaian bete-betean sartuta gauden honetan, unibertsitatearen gestioa negozio batenarekin alderatzea ez da halako disparatea, tamalez. Goirizelaiaren arkarentzat, beraz, bi adierak dira egokiak: kutxa bat negozioa gordetzeko eta ontzi bat bera eta bere ingurukoak ikasleon uholdetik babesteko. Horregatik joan da, akaso, Portugaleteko Nautika fakultatera, Bilboko itsasadarrean nabigazioaren inguruko oinarrizko eskola batzuk jasotzera. Edo akaso pentsatu du ikasleon uholdea ez dela Portugaleteraino iristen, eta distantziak polizia indarren presentziak baino babes handiagoa emango diolakoan egingo dute klaustroa bertan. Batek daki.

Ikasleok, bederen, dakiguna da Klaustroa Leioako Areto Nagusian ospatu dela azken urtean eta, beraz, ikasleon hitza bertan behar izan den guztietan entzunarazi dela. Errektoretzarako hauteskundeetako azken ekitaldia den Klaustroko hautagaien aurkezpena Leioan egin ez izana, errektoregaien eta EHUren beraren porrotaren seinale dela badakigu ikasleok. Ez dute gure hitza errespetatzen eta, gainera, aurpegia eman ordez, ikasleon hitza entzutea saihestu nahi dute beren klaustroa Bilboko itsasadarrera eramanez, beren ontzia bertan porturatuz, beren kutxa bertan gordez. Ez dute beste campus jendetsurik aukeratu, ez; guztiz isolatuta dagoen fakultate batera joan dira. Ikasleok bagenekien irabazten ari ginela, bagenekien errektoretza estutzen asmatzen ari ginela, baina, egia esan, ez genuen inondik inora espero porrot hori halako barregarri geratuz lau haizetara aditzera emango zutenik. Halako maniobra dorpe eta koldarrik ez genuen espero, ez; despotak ilustratuagoak zirelakoan geunden...

Iñaki, zergatik hainbeste buelta eta zirku? Ez al zaizu sinpleagoa eta duinagoa iruditzen behingoagatik Bologna Prozesua gelditu eta unibertsitatean eztabaida parte-hartzaile eta erabakitzaile bat abiatzea? Bada garaia, ezta? Koldarkeriak alboratu eta ekimen politiko ausarta egitera deitzen zaitugu ikasle eta abertzaleok. Bitartean, aurrean izango gaituzu, atzo bezala gaur, eta gure hitza errespetatua ez den artean zure arka abordatzen jarraituko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo