Mobilizaziora dei egin dute, Tontxu Camposen legearen aurka
Euskal Herriak Bere Eskola, LAB, Ikasle Abertzaleak, Sortzen-Ikasbatuaz eta EHE eragileetako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, abenduaren 17rako mobilizazio egunera dei egiteko. Lakuako Hezkuntza Sailak bultzatutako hizkuntza ereduen erreforma zorroztasunez kritikatu, eta, egitasmo hori gelditzeko aukerarik badagoela nabarmendu zuten.
GARA |
Eskolak Euskaldundu ekimenak mobilizazio eguna iragarri du abenduaren 17rako, asteazkena, Euskal Herri osoan eskolak euskaldunduko dituen Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzeko, eta, era berean, Lakuako Hezkuntza Sailak hizkuntza ereduen erreforma egiteko aurkeztu duen lege proiektua arbuiatzeko.
Euskal Herriak Bere Eskola, Ikasle Abertzaleak, LAB, Sortzen-Ikasbatuaz eta Euskal Herrian Euskaraz eragileek prentsaurrekoa egin zuten atzo, Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan.
Adierazi zutenez, «Euskararen Legea onartu eta 26 urtera, EAEn dugun egoerari begiratuz ez gaude pozik egoteko moduan», izan ere, «hizkuntza ereduen politikak porrot egin du, bereziki A eta B ereduek, ikasleen erdiak euskara ezagutu gabe amaitzen du Derrigorrezko Hezkuntza eta urte hauetan, 400.000 ikasle euskara ezagutu gabe geratu dira».
Alde horretatik, gogora ekarri zuten euskalgintzako eta hezkuntza arloko sektore zabalek egoera hau askotan salatu dutela, eta 107.768 herritarrek hezkuntza administrazioei euskalduntzeko eskubidea bermatzeko eskatu zietela. «26 urteotako hizkuntza eskubideen zapalketa larria eta agerikoa izan da -gaineratu zuten-; haur txikiak ere konturatzen dira ikastetxearen arabera beraien lagunek euskaraz ez dakitela». Egoera honi aurre egiteko beharrezkoak diren soluzio globalak ezetz, baina soluzio partzialak badaudela Lakuaren eskuetan nabarmendu, eta jakinarazi zuten instituzio honek duela hiru urte onartu zuela «hizkuntza ereduen porrota». «Bere buruari erronka berria jarri zion, hizkuntza ereduen aldaketa sakona egin, eta EAEko ikasleak euskalduntzea». Tontxu Campos sailburuak aurkeztutako lege proiektua baloratu zuten jarraian, «hutsunez betea, zehaztugabea, malgua eta oso kaxkarra» dela esanez.
«Etorkizuna hipotekatu»
Egitasmoaren «hutsuneen» errepasoa egin ostean, adierazi zuten «egin nahi duten erreformak etorkizuna hipotekatuko» duela, eta ez dela sistema ebaluatu beharrik egongo «neurri hauekin maila minimoa lortzea ezinezkoa delako».
Gaineratu zuten hainbat sindikatuk, euskalgintzak eta hezkuntzako sektore anitz eta zabalek lege proposamena kritikatu dutela, eta hauxe ondorioztatu zuten: «Egoera honen aurrean ezin gara geldi egon, erreforma gelditzeko garaiz gaude».
«Belaunaldi berriak euskaldundu gabe ez dago Euskal Herria euskalduntzerik», nabarmendu dute Eskolak Euskaldundu ekimeneko kideek.