BECerako bidean, Kontseiluaren ibilbide oparoa bildu du «Euskaraz Bai» erakusketak
Iker BIZKARGUENAGA |
Hamargarren urteurrena ospatzen ari da Kontseilua, eta, hori dela-eta, euskararen gizarte erakundeen antolakundeko kideak bete-betean daude «Pauso bat harago, euskaraz bai» kanpainan sartuta. Oraingoz, ekimenaren azken-aurreko katebegia iragan larunbatean Gasteizko Mendizorrotzan egindako ekitaldi jendetsua izan da, eta, atzoko prentsaurrekoan, Kontseiluak eskerrak eman zizkien gasteiztarrei eta ekitaldia antolatzen aritutako euskalgintzako kideei.
Edonola ere, aurreko zapatuko hitzorduaz gain, beste hainbat ekimen burutzen ari dira hilabete hauetan, horien artean, Kontseiluaren 10 urtetako ibilbidea laburbiltzen duen «Euskaraz bai» erakusketa. Aste honetan Gasteizen izango den erakusketa honen berri emateko, prentsaren aurrean agerraldia egin zuten atzo Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Carlos Gonzalez de Langarikak eta Agustin Otsoa Eribekok, hurrenez hurren, Euskadiko Kutxako eta Arabako Aldundiko ordezkariek.
Gonzalez de Langarikak eta Otsoa Eribekok babesa eskaini zioten Kontseiluari, ordezkatzen dituzten bi instituzioen izenean, eta Kontseiluak hamarkada honetan euskararen alde egindako lana goraipatu zuten.
Mendigurenek gogora ekarri zuen «Euskararen Unibertsoa» izeneko jardunaldietan erabaki zutela, 1997an, Kontseilua sortzea, eta ordutik hainbat proiektu garatu dituztela.
Besteren artean, oroitarazi zuen 1998an 125.000 herritarrek Kontseiluaren deiari erantzun eta Euskal Herri osoko bost kirol-estadio bete zituztela, «Bai euskarari» leloarekin bat eginez. Ondotik, azaldu zuen legez, milaka herritarrek babestu dituzte Kontseiluak proposatutako neurri eta ekintzak, hala nola lan-munduan eragiteko sortutako Bai Euskarari ziurtagiria, edo 122 herritan egindako lana.
Horrez gain, hizkuntza eskubideak errespetatzeko Behatokia eta Euskararen Telefonoa martxan jarri ditu Kontseiluak, eta maila politiko instituzionalean eragiteko hainbat ekintza egin ditu, besteak beste, udalen hizkuntza politikaren neurketa eta jarraipena. Baina, hamar urte bete dituen honetan, Kontseiluak «beste salto bat» eman nahi du, «%100ean euskaraz bizi ahal izatea lortu nahi badugu behar-beharrezkoa den jauzia».
Euskaraz bai
«Bai euskarari» lemaren bilakaera den «Euskaraz bai» berriaren bidez gauzatu dute jauzi hori, Mendigurenek nabarmendu zuen bezala, euskarak laguntza eta atxikimenduak beharrezkoak dituelako, baina, batez ere, ezagutzea eta erabiltzea ezinbestekoak dituelako.
«Pauso bat harago joateko unea da», beraz, Kontseiluaren iritziz, eta horretan euskal herritarrak bidaide nahi ditu. Horregatik, heldu den 13an BECen egingo den ekitaldian parte hartzeko gonbita zabaldu zion Mendigurenek gizarte osoari.
Ekitaldirako sarrerak, AEK eta IKAren euskaltegietan eskuragarri daude, baita Euskadiko Kutxako bulegoetan ere, eta Barakaldora joateko autobusak izango dira.