Indiak estradizioak eskatu dizkio Pakistani, eta honek elkarrekin ikertzea proposatu dio
GARA |
Erantzun militarra albo batera utziz, Indiak hogei iheslariren estradizioa eskatu zion Pakistani, eta honek Mumbaiko atentatuen gaineko ikerketa elkarrekin egitea eskainiz erantzun zion.
Bi herrialdeon arteko tirabirak agerian geratu ziren atzokoan ere. Giroa baretzeko asmoz, AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Rice New Delhin izango da gaur. Iturri batzuen arabera, baliteke Islamabadera ere joatea. «Nazioarteko komunitatea gurekin da, AEBetan presidente hautatu berri duten Barack Obama barne», esan zuen Indiako Kanpo Harremanetarako ministro Pranab Mujerjee-k.
«Gu ez gara indar militarra erabiltzeaz aritu», gaineratu zuen Mujerjeek India-Herrialde Arabiarrak Foroa zabaltzeko ekitaldian, Indiako agentziek adierazi zutenez.
Indiako Gobernuak Pakistango enbaxadore Xalid Malik-i dei egin zion astelehenean kexa formala emateko. Horrez gain, Indiako agintariek «Pakistanen dauden hogei iheslariren» estradizioa eskatu zuten Mujerjeek azaldu zuenez.
Horien artean, 1993an Mumbain bertan izandako atentatuen ustezko arduradun Dawud Ibrahim eta Kaxmirreko Laxkar-e-Taiba eta Jaix-e-Mohamad taldeetako buru Mohamed Said eta Masud Azhar daude.
«Astelehenean egin genuen eskaera. Pakistanen erantzunaren zain gaude. Zer egingo dugun denborak esango digu», gaineratu zuen Mujerjeek.
Eskaera honi erantzun gabe, Pakistango diplomaziaburu Shah Mehmdu Qurexik Mumbaiko atentatuak elkarrekin ikertzeko proposamena egin zion Indiari. Halere, Islamabadi gauza gehiago leporatu ez diezazkiola exijitu zion New Delhiri. Bi herrialdeetako segurtasun nazionaleko arduradunak egongo lirateke ikerketa burutzeko batzorde hori zuzentzen.