Laura MINTEGI Idazlea
Unibertsotik BECera
Hamabi urte luze joan dira 1996an Miramar Jauregian pare bat dozena lagun lehenago, eta handik egun batzuetara ehun bat lagun bildu zirenetik irtenbideak bilatzeko. Guggenheim-i emandako sosek eta euskal erakundeen politika kanpolarrosak miseria gorrian utzia zuen euskalgintza eta euskal taldeak (antzerkigileak, idazleak, bertsolariak, artistak eta eragileak) elkar mokoka ari ziren apurren banaketan zerbait eskuratzeko eta nola edo hala bizirauteko. Une batean, ordea, euskal eragileak ohartu ziren kontua ez zela zegoen gutxia elkarri kentzea, elkarren artean biziraupena bilatzea baizik. Horrela sortu zen unibertsoaren ideia: ez gara inoren satelite, ez gara zerbaiten hondakina, ez diogu begiratu behar beste nonbait dagoen ardatzari. Gu, gure txikitasunean, osotasuna gara, gu gure unibertsoan gaude, eta ez hurkoaren orbitan.
Hurrengo urteko martxoan, 1997an, Euskararen Jardunaldiak burutu ziren Donostian, eta 400 eragilek erabaki sendoa hartu zuten; elkarrekin ekingo zioten krisialdiari. Handik urtebetera sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua (EGEK), 1998ko abenduaren 6an Durangon. Ordutik hona egindako bidea luzea eta emankorra izan da, dudarik gabe. Baina oraindik bila ari gara arrotzaren orbitan satelite ez bihurtzeko. Oraindik ere zentzua du aldarrikatzeak eta gogoratzeak unibertso osoa izan nahi dugula, gurea ez dela beste baten sukurtsala, gu ez garela metropoliaren bertsio indigena.
Unibertsoa garela ez ahanzteko, eguneroko lan isilari irudi kolektiboa eman nahi diogulako, BECera joango gara abenduaren 13an, gure espazioa ere badelako, espazio guztiak gureak baitira euskaraz bizi nahi dugunontzat.