KRONIKA Kulturaren sortzaile iraultzaile baten agurra
Laboaren agurra, antzinako bihotza izarren hauts bilakatu zenekoa
Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizpait ginauden gu ernai». Ezusteko galeraren ondoan, Mikel Laboaren gorpua erraustua izan zen senide eta lagunen omenaldi hunkigarri batekin.
Ariane KAMIO
Lurrari ondo lotuta hegan alde egin zuen Mikel Laboak, gustukoen zuen libertate haizea atzean utzi zituenekin partekatuz. Etxeko sukaldeko sutondoak kanporatzen duen bero leunaren antzera, gertukoenak bere inguruan bildu zituen atzo, errauste unean. Emazte, seme-alaba, lankide eta lagun-minen begiradapeko agur xumea izan zen Errekaldeko beilatokian jazotakoa. Eguraldi kaskarrak ere su-etena eskaini zuen «Izarren hautsa» eta «Aintzinako bihotz» kantuen melodia goxoekin maiteminduta.
Astelehenean izandako olatu zurrunbiloaren ostean, atertu eta eguratsak barealdia ekarri zuen Laboaren familia eta gertukoenengana. Benetan hurbil izan zituenek agurtu zuten ordu erdi eskas iraun zuen omenaldi xume baina hunkigarri batean. Bertaratu zirenen artean, Jose Luis Zumeta margolaria, Juan Mari Arzak sukaldaria, Joxan Artze idazlea eta Jose Mari Gorrotxategi konfiteroa zeuden. Haien aurretik, azken agurra ematera gerturatu ziren Pedro Miguel Etxenike zientzialaria, Gorka Landaburu kazetaria eta Patxi Baztarrika hizkuntzalari eta politikaria.
«Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia, burruka hortan bizi da eta hori du bere egia. Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatzen hortan ezin gelditu, jakintza eta argia; bide ilunak nekez aurkitu, lege berriak noizpait erditu, hortan jokatuz bizia». Bakartasunik zurrunenean bilduta erraustu zen Laboaren gorpua, bere izaeraren ezaugarrietako bat izan zen umiltasuna ardatz hartuta. Berak sortutako bi kantuen arnaspean gauzatu zen, gehiegizko hausporik gabe, bertan egon zirenen arabera. Beilatokiko sarreran zain zegoen kazetari talde murritz baten presentzia erasokorra izan zitekeen akaso gertuko pertsonentzat. Beste batzuek, baina, agurraren osteko sentipenak azaleratu zituzten. Juan Mari Arzakek, kasu, laudorioekin jokatuz jardun zuen hedabideen aurrean, eta barruan gertatutakoaren zertzeladak margotu zituen. «Gertuko lagunak, familia, eta Euskal Herriko artearen parte diren pertsonak egon gara bertan, benetako esentzia euskalduna bildu da», azaldu zuen. Euskararen zabalkundearen inguruan aritu zen kantaria «Euskal Herriak izan duen abeslari eta artista handientzat» jo zuen; «hain zen handia barnean zeraman euskal sentimenduaren sakontasuna, ez zuela beste hizkuntza batean zabaldu nahi izan. Munduko handienetako bat izatera irits zitekeen, ahots liluragarria zeukan, baina bera halakoa zen, sentimendu sustraitua zuen, eta hemen geratu zen».
«Gizonen lana jakintza dugu: ezagutuz aldatzea, naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea. Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz, bertatikan irautea: ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz, beti aurrera joatea». Bere ondarea izango da aurrerantzean Mikel Laboaren eta hurrengo belaunaldien arteko zubi lanak egingo dituena. Eztarriko korapiloa askatzear, Julio Medem zine zuzendaria adin guztietako jendearengan izan duen eraginaz mintzatu zen, eta euskal kantutegian egindako lana goretsi zuen: «Sortzaile askea zen, poza ematen zuen askatasun horretaz nola gozatzen zuen ikusteak. Abangoardista zen, eta beti egiten zituen gauza berriak, ez zen inoiz zahar geratzen». Hizketarako gogo gutxirekin, «euskal kantutegia mendi polit batera» eraman izana nabarmendu zuen, «bera dagoen tokira» eta, «dagoen lekuan egonda, hegan joan da».
«Ez dadukanak ongi ahi daki euketzea zein den ona, bere premiak bete nahirik beti bizi da gizona. Gu ere zerbait bagera eta gauden tokitik hemendik bertan saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturikan, sasi zikinak behingoz erreta bide on bat aukeratzen». Omenaldi eta ekitaldi handietatik iheskor izandakoa, Benito Lertxundik esan zuen moduan, izaera lotsatia zeraman barrenean. Bere errautsak non eta noiz zabalduko dituzten jakitea informazio eskuraezina da, isilik eta ezustean joan zen, eta halaxe izaten jarraituko du. Artearen munduan, ordea, litekeena da bere oroimenez ekitaldiren bat antolatzea. Durangoko Disko eta Liburu Azokaren atarian, Gerediaga Elkarteak buruan dauka omenaldiren bat egitea, baina oraindik ez dago ezer erabakita. Abenduaren 23an, bestetik, Gipuzkoako Urrezko Domina hil osteko errekonozimendu gisa eskaintzea aurreikusten da. Denborak esango du, baina, etorkizunak zer prestatu duen.
«Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak. Beren aukeren jabe eraikin ta erortzean berriro jaikiz ibiltzen joanen direnak: gertakizunen indar ta argiz gure ametsa arrazoi garbiz, egiztatuko dutenak».
Euskal kulturan jarduten duten elkarteek omenaldiren bat egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dago ezer erabakita. Oraingoz, abenduaren 23an Gipuzkoako Urrezko Domina eskainiko zaio, beti ere sendiak agertzen duen nahiaren arabera.