GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joxemari Iturralde Idazlea

Mikel Laboaren agur ttikian

 

Euskaldun askori gertatu zaio eta niri ere bai: bizitza osoan lagundu nau Mikel Laboak. Erosi nuen lehen disko euskalduna berea izan zen (nire bizitzan erosten nuen bigarrena). Nik orduan 12-13 urte izango nituen eta uda hura Errioxako herri batean pasatu nuen aitonarekin. Ostatuko gelan entzerraturik behin eta berriz jartzen nuen EP hura tokadisko eramangarri kaxkar hartan. Egun osoan, behin eta berriro, entzuten nituen «O, Pello, Pello», «Aurtxo txikia», «Amonatxo»... Hasiera batean uste izan nuen aitonak leihotik behera botako zidala tokadiskoa halako batean, baina ez, segituan ohartu nintzen bera ere, ni bezala, hunkituta geratzen zela abesti haiek entzun orduko; areago, ni baino gehiago hunkitzen zela, hainbesteraino non batzuetan malkoak ere isurtzen zitzaizkion disimulatu ezinik.

Izan ere, Mikel Laboaren abestiak barru-barruraino, eta zuzenean gainera, joaten diren horietakoak dira. Esango nuke bere musika izango dela euskal memoria kolektiboan itsatsita gehien iraungo duena, bere estilo berezi eta aparteko horrekin ia perfekzioa lortu baitu, eliza erromaniko txiki, goxo, abegikor baten antzera. Laboaren musikak ez ditu maite katedral eskerga barroko anpulosoak, are gutxiago eraikin churrigueresko harrotu horiek. Bere musikak, ukitu minimalista horrekin, barruraino eramaten gaitu, muineraino eta han babestu egiten, oreka bat lortu arte, geu garenaren eta kanpoko modernitatearen artean zubi lana eginez. Laboak garbi erakutsi digu moderno eta abangoardista izan daitekeela, bertako espiritua, tradizioa, kultura landuz urregin baten modura arituz. Horregatik iraungo du bere lanak, ermita txiki erromanikoek irauten dutelako.

Artista handiaren tamainakoa izan da bere gizatasuna. Gizon maitagarria benetan, pertsona abegikorra, lagun handia. Dohain horiekin nekeza izan ohi da artista asko aurkitzen. Beti laguntzeko prest. Berak jarri ninduen harremanetan Raimon abeslari katalanarekin, honek Kataluniako telebista batean programa bat zuzentzen zuenez, nik kolaborazio literarioak egin nitzan. Mikel bakarrik zen gauza, artista gehiagorekin bilduta egonik, denak alde batera utzi eta zure alaba txikiari kasu egin eta hizketan hasteko, denborari kasurik egiteke. Berdin zitzaion jende helduak zer esango, berak han jarraitzen baitzuen gustura zazpi urteko gure alabarekin hizketan. Pertsona bakoitzaren mailan jartzen bazekien, denentzat zeukan beti hitz goxo pare bat, denei egiten zien kasu eta edozeinek esandakoa ere inporta zitzaion, halako arreta jartzen baitzuen edonorekin. Horrelako pertsona bat zaila da aurkitzen, batik bat artisten munduan, hainbeste harroputz eta egolatra biltzen duen fauna klase horretan.

Artista bikaina, pertsona maitagarria eta goxoa, lagun handia. Opari bikaina ezagutu dugunontzat, «una riqueza de lujo», berak adieraziko lukeen moduan. Ezin da gehiago esan.

Anekdota pertsonal bat, irudi kuttun bat, beti gogoan eramango dudana: Bernardo Atxagaren etxean gaude adiskide batzuk. Mikel Laboa Atxagarekin bildu da, abesti batzuen letrak errepasatu behar dituztelako. Atseden tarte batean, Mikel desagertu egin da. Eta gure alaba (orduan 13-14 urteko neskatoa) ere bai. Alabak lehenago esan dio Mikeli gitarra ikasten ari dela. Orain biak desagertu dira saloitik. Hasi naiz beraien bila eta ate zirrikitutik begira hantxe aurkitu ditut beste gela batean: Mikel eta gure alaba gitarren laguntzaz Juan Carlos Perez-en «Lau teilatu» abestia ari dira kantatzen. Ez zaizkit inoiz gehiegi gustatu argazki kamerak, baina aitortu behar dut egun horretan damutu egin nintzela une hori ez kaptatu izana.

Ulertzen dut, eta konpartitzen, Marisol eta familiaren samina eta aparteko galera. Benetan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo