Mikel Aramendi Kazetaria
Ba al daki Obamak xakean jokatzen?
Mundu mailako oihartzunak eman behar zion balio erantsiaren bila egindako erasoa izan da Mumbaikoa. Eta esango nuke antolatzaileek bete betean lortu dutela helburuaArazoa ez da ongi entrenatuta zeudela. Ez da arazo funtsezkoena, behintzat. Arazo nagusia da ongi, oso ongi zuzenduta zeudela, eta hori erabakigarria izaten dela honelakoetan. Eta horrek ez gintuzkeela batere harritu behar xakea asmatu ez ezik gizarte sektore zabalen eguneroko jarduera ere badeneko lurralde batean. Estrategiaren hastapenak ia edonork ezagun dituenean, alegia. Are gehiago uniformedunek.
Mumbaiko erasoaz ari naiz, noski. Konponbiderik ez dagoenetan, behinik behin, errudunak aurkitu behar izaten direlako, erantzukizun politikoen demandan oldartu da Indiako iritzi publikoa, sarraskia amaitu denean. Itxura guztien arabera, askok eta askotan huts egin dutelako: inondik ere detektatuak izan gabe iritsi omen ziren itsasoz erasotzaileak; ordu mordoa behar izan omen zuten polizia indarrek lehen neurriak hartzeko; itsumustuka ibili omen ziren indiar indar bereziak, argibiderik oinarrizkoenak ere eduki gabe... Desastre hutsa: hildako eta zauritu zibilak -150etik gora- alde batera utzita, erasotzaileek baino gizon gehiago galdu bide dituzte haiei aurre egin behar izan dieten Indiako elite indarrek, atera kontuak. Hortik dator, agidanez, ekintzaileen prestakuntza bikainaren leloa. Eta beharbada egia izango da; ez soilik Patil, dimisioa eman duen Barne ministroaren eta haren menpekoen inkonpetentzia kontua.
Baina aurreraxeago ere begiratu behar genuke, batez ere distantziaren hoztasunetik hitz egin dezakegunok. Mundu mailako oihartzunak eman behar zion balio erantsiaren bila egindako erasoa izan da Mumbaikoa. Eta esango nuke antolatzaileek bete-betean lortu dutela helburua. Eta lazgarria badirudi ere, eragin hori ez zegoen hildakoen kopuruaren baitan, arreta mediatikoaren baitan baizik. Adibide bila urrutirago joan gabe: 2006ko uztailean Mumbai bertako trenetan jazotako leherketetan jende gehiago hil zen; zirrara, ordea, askoz txikiagoa izan zen. Hildako guztiak indiar xumeak izan zirelako orduan, gordinki esateko.
Orduan bezala orain, Pakistanera begira ipini dira Indiako agintariak, hedabideak eta baita herritar arruntak ere. Indian Mujahadeen edota SIMI ikasle islamiarren mugimenduaren juzgu egin zen orduan; Lashkar-e-Toiba gerrilla kaxmirarrari bota zaio errua orain. Beti ere, ordea, ISI zerbitzu sekretu pakistandarra ikusten dute gibelean. Litekeena da horrek berak argibide handiegirik eskaintzen ez duen arren: estatu pakistandarren barruan beste estatu bat izateaz gain, gaur egun ISIa erdibituta dagoela uste dute adituek. Zardariren gobernuaren aginpidea onartzen dutenak alde batetik, eta Zardari bota (eta aginte militar zuzena berrezarri) nahi dutenak bestetik.
Erasoaren diseinatzaileen kalkuluen beste aldean, datorren maiatzean Indian egin beharreko hauteskundeak egongo lirateke. Ghanditarren esaneko Kongresu Alderdia nahiko nekatuta zihoan jada haietara, AEBekin egin berri dituen itunengatik, besteak beste. Mumbaikoaren ondoren, BJP nazionalista eskuindarra ardatz duen oposizioaren garaipena hurbilago legoke...
Ulertzen ote du Obamak xake joko honetan AREBen aliantzak direla irentsi nahi den pieza?