GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Donostiako suhiltzaileen inspektore buruaren utzikeria salatu du LABek

Azkenaldian hainbat sute larri gertatu dira hiriburuan, prestakuntza tekniko handiagoa duten langileen esku-hartzea behar izan dutenak. Suhiltzaileek, ordea, lanbide-prestakuntza handiagoa duten langile horietako batzuek ez dituztela beren zaintzaldiak betetzen salatu dute.

p020_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Donostiako suhiltzaile zerbitzuko LABek salaketa egin zuen atzo azken boladan gertatu diren arrisku bereziko suteetan irregulartasunak gertatu direla eta. Egin zuten agerraldian Zerbitzuko inspektore-buru Javier Bayonaren aurka egin zuten batez ere, hura baita, beraien iritziz, erantzule nagusia. Suteak itzaltzera joaten diren suhiltzaileek hiru arduradun dituzte, hiru inspektoreorde, eta horiek dira, suteak arrisku edota zailtasun tekniko handia duela ikusiz gero, operazioaren ardura dutenak; hori dela-eta, horietako batek zaintzaldian egon behar du, eta horregatik kobratzen du, gainera, gehigarria.

Langileen ordezkariek aditzera eman dutenez, ordea, «hiru inspektoreordeetatik bik ez dituzte zaintza horiek egiten eta «inspektore-buruak hartzen du bere gain lan hori; baina, gero ez da azaltzen edota berandu agertzen da». Hala, salatu dutenez, maila baxuagoa duten langileek hartu behar izan dituzte eurenak ez diren ardurak bere gain eta modu horretan, «bai langileen bai herritarren segurtasuna jokoan jartzen da».

Arazoa arduradunekin harremanetan jarriz konpontzen saiatu direla adierazi zuten, baina erantzunik jaso ez dutenez, publiko egitea erabaki dute, «ea horrela behingoz konpontzen duten, abuztuaz geroztik luzatu baita». Bestalde, arazoari irtenbidea bilatu nahian, Udaleko Giza Baliabideen zuzendariari ere dei egin zioten: «Abuztuan praktikaldia amaitu eta funtzionario izendatu zituzten bi pertsona horien katalogoan ageri da zaintzaldiak egin behar dituztela; egiten ez badituzte, giza baliabideen arduradunak buruari galdetu beharko dio zein den horren arrazoia eta neurriak hartu behar ditu, gainera».

Egoera honen adibide jarri zuten, esate baterako, joan den azaroan Groseko Oiartzun kalean izan zen sutea. «Deitu zigutenean ez zirudien larritasun handiko sutea zenik, baina bertaratzean konturatu ginen uste baino zailtasun handiagoa zuela eta zaintzan zegoen pertsona bertaratzeko eskatu genuen; ordu eta erdira deitu zuen inspektore-buruak oraindik ere bere laguntza behar al genuen galdetzeko», kexatu ziren.

Gogora ekarri zuten gainera, horrelako egoerak ez direla maiz gertatzen. Donostiako suhiltzaileek urtean 2.000 irteera inguru egiten dituzte, eta horietatik dozena batean-edo behar izaten dute maila altuagoko inspektorearen laguntza, «beraz, kasu horietan «behar den lana egitea oinarrizkoa da».

iruzurra

Zaintzaldiak egiteko ardura duten langileek lan hori egiteagatik gehiago irabazten dutela gogora ekarri zuten, eta diru hori egiten ez duten gauza bategatik jasotzen ari direla salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo