GARA > Idatzia > > Kultura

«Munduko zazpi herrialdetako ipuinak» euskaraz, Joseba Sarrionandiaren eskutik

Ahozko tradizioan oinarrituta edo berak asmatuta, mundu osoko zazpi ipuin bildu ditu Joseba Sarrionandiak. Hori bai, kanpotik etorri eta Euskal Herrian bizi diren zazpi haurrek kontatu omen dizkiote.
p041_f01_96x76.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Cize, Diego Armando, Silvia, Mohamed, Osamu, Marie Jeanne eta Margaret munduko zazpi txoko ezberdinetatik Euskal Herrira etorritako haurrak dira eta atzean utzi duten lurraldeko ipuin bana kontatu diote euskaraz Joseba Sarrionandiari. «Bera dugu biltzaile, itzultzaile eta idazkari, pasaporterik eskatu ez digulako eta gure ortografia eta gramatika akatsen beldurrik izan ez duelako».

Sarrionandiak ahotsa jarri die fikziozko haur hauei, Pamiela argitaletxeak kaleratutako «Munduko zazpi herrialdetako ipuinak» liburuan. Aurretik bakoitzaren nondik norakoak kontatzen ditu: nola bizi ziren lehen, nola ikasi duten euskaraz... «Ez dakigu berak zergatik izan duen liburu hau egiteko gogoa. Ondo konpontzen omen da umeekin, eta zoroekin. Eta lehengoan ahapeka esan zigunez, aspalditik du ume ipuinak entzuteko gogoa, helduek benetakotzat kontatzen dituzten ipuinak geroago eta gutxiago konprenitzen dituelako...» dio idazleak umeen ahotan.

Pedro Oses, kartelgile, irudigile eta komikigile iruindarrak egin ditu marrazkiak eta berarekin batera, Pamielako Joxe Anjel Irigaray izan zen atzo Bilboko Kafe Antzokiko aurkezpenean. Ez ziren bakarrik egon. Atxuri auzoko Maestro Garcia Rivero ikastetxe publikoko ikasle talde bat izan zuten lagun eta jatorriz magrebtarrak diren lau haurrek (Mohamed Elkadi, Sara Aghsay, Nadir Bouglhala eta Ayoub El Hachioui) liburuko «Dheja eta bere auziak» ipuinaren irakurketa egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo