Korrontzi taldeak euskal folka suspertzen du kaleratu berri duen «Getxo» bigarren diskoarekin
Herri musika eta folk erritmoak tartekatuz, Korrontzi taldeak disko alaia sortu du: «Getxo» izenekoa. Antzinako euskal doinuak gaurkoekin zipriztinduz, trikitia protagonista bihurtzen du seikote honek.
Ianire RENOBALES | BILBO
Korrontzi taldeak lana estreinatu berri du. «Getxo» izenburua daraman bigarren disko hau aurkeztu zuten atzo Bilboko Fnac-en.
Trikitia oinarri hartuta, antzinako doinuez baliatzen saiatzen dira musikari hauek; betiere, gaurkotasunarekin oreka bat ezarriz. Hiru alderdi nabarmentzen dira diskoan: euskal musika tradizionalarekin lotura handia; poztasuna zabaldu nahi izatea, batik bat; eta euskal kulturaren eragina ere oso agerikoa izatea, nahiz eta kontzertu gehienak atzerrian ematen dituen taldea izan. Taldekideek esan zutenez, «diskoa asko landu dugu; sortzen dugun musikaren gainean sakon hausnartu dugu».
Ritxi Aizpuruk, Baga-biga diskoetxekoak, esan duenez, «Korrontzi taldeak folk eta herriko erritmoen soinu alaiak, dantzagarriak, jostalariak eta iradokitzaileak batu ditu, une bereziak, beroak eta pasiozkoak elkarrekin tartekatuz».
«Getxo» bi elementuz osatu dute, CDa eta DVDa. CDari dagokionez, hamasei abesti batzen dira lanean. DVDak, berriz, hogeita hiru kanta biltzen ditu. Euren esanetan, «zuzenekoak disko batean batu nahi izan ditugu jendeak etxetik lasai entzun eta ikus gaitzan». Bestalde, «lan honen bidez, erakutsi nahi izan dugu zertaz gai garen», gaineratu dute sortzaileek. Zuzeneko bat ateratzeak talde askoren ibilbidearen amaiera adierazten du, baina Korrontzik argi adierazi du ez dela hori euren kasua.
Hasiera batean estudioko disko baterako abestiak prestatzen hasi ziren, baina denborarekin batera, ideiak aldatu eta zuzeneko bat bihurtu zen «Getxo». Duela urte eta erdi hasi ziren doinuak lantzen, baina 2008ko udara arte ez zituzten grabatu. Korrontzi taldeak, irailaren 4an, Getxo Folk jaialdian eskaini zuen kontzertu bat eta aukera hau aprobetxatuz grabatu zuten beren bigarren disko hau.
Lehenengo lana 2006an kaleratu zuten «Korrontzi» izenburuarekin, Madrilgo Nubenegra diskoetxearekin. Sekulako arrakasta lortu zuten eta kritika bikainak jaso. Gainera, urte hartan, Malagako Eurofolk jaialdian Estatuko talde onenaren saria irabazi zuen Korrontzik. Denbora igarota, hemengo diskoetxe batekin sinatzea erabaki zuten eta Baga-bigarekin sortu zuten bigarren disko hau.
Kolaboratzaile ugari
Hainbat artistak parte hartu du diskoan. Kolaboratzaileak denetarikoak izan dira, kanten arabera hautatu ditu Korrontzik laguntzaileak. Besteak beste, artista hauek topa daitezke «Getxo» lanean: Mikel Urdangarinen ahotsa, «Panderotxoa» eta «Ametsetan» abestietan; Faltriqueira talde galiziarraren gaitak, «Aitxitxe mukurrunduko» eta «Akelarre» kantetan; La Musgañako taldeko Jorge Arribasen trikitia, «Xoxua»-n; Maya anaien dantzaldia, «Laiotz» eta «Urrutxu» abestietan; Susana Seivaneren gaita, «Ataungo ardi beltza» kantan eta Xavi Sarria Obrint Pas taldeko abeslariaren ahotsa, «Akelarre» lanean.
Korrontzi osatzen duten musikariak dira hauexek dira: Agus Barandiaran (trikitixa eta ahotsa), Iker Lope de Bergara (alboka, albokotea, zeharkako txirula, whistleak, panderoa, txistua eta koruak), Ander Hurtado de Saratxo (bateria eta kutxa), Kike Mora (baxua), Alberto Rodriguez (gitarra akustikoa eta mandolina) eta Mikel Romero (gitarra akustikoa eta klasikoa, bouzokia, mandolina eta koruak).
Taldea: Korrontzi.
Diskoa: Getxo. CDa + DVDa, 2008ko Getxo Folk jaialdian grabatua.
Estiloa: Folk musika.
Musikariak: Agus Barandiaran, Iker Lope de Bergara, Ander Hurtado de Saratxo, Kike Mora, Alberto Rodriguez eta Mikel Romero.