GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Paddy Rekalde Idazlea

Nahiz eta heriotza helduko zaidala jakin...

 

Musika kontuetan egin nuen lehen erosketa (beste guztia lagunek grabatua zen, edota irratitik bertatik, esatariaren agurrak, azalpenak zein eguraldiaren berri ematearekin batera) ondo gogoan daukat: The Specials-en bigarren diskoa eta Mikel Laboaren «Lau-Bost» izenekoa. Bat baino gehiago harrituko zen halako koktel baten aurrean. Zelan batu apal berean zuri-beltz haien erritmo indartsu eta beroak Laboarenekin? Erraza, lagunok, Laboarenak ere, bere estiloan, jakina, indartsuak eta beroak ziren. Entzuleekin ederto lotzen zekitenak. Are gehiago, belaunaldi ezberdinetako entzuleekin ederto lotzen jakin dutenak. Eta hori ez da lan makala.

Mikel Laboak, nire iritziz, euskal musikaren bestelako ikuskera bat sortu eta zabaldu du, tradiziotik modernizaziora itzulinguruka ibili zen trebe eta gustu handiz. Horrela sentitu nuen nik behintzat. Herri kanta asko, galtzeko zorian zeudenak, biziarazi egin zituen, eta horiekin batera bere garaiko poesia lan asko musikatu zituen, bai hemengo hainbat idazlek bai kanpoko beste batzuek sortutakoak. Sentsibilitate berezia zeukan, eta hori ez du inork zalantzan jarri. Artze, Lete, Aresti, Sarrionandia eta halakoak agertzen dira bere kantetan, eta horiekin batera Bertold Brecht bezalakoak.

Eta aitortu behar dut hauen berri, neurri handi batean, berak eman zidala. «Langile baten galderak liburu baten aurrean» edota «Nahiz eta heriotza» bezalako kantuek bihotz zein burmuineko begiak zabaldu zizkiguten gutako askori. Mikel Laboak ondo errotuta zeukan bihotza, baina, aldi berean, kostaldeko faroek bezala, argitu egiten zizkigun bestelako giza paisaje batzuk. Zentzu horretan, uste dut bere garaiko semea dela Laboa, eta horretan Arestirekin akordatzen naiz; garaiko semea, bai, baina denbora aldetik ere bidaiaria, urtez urte eta munduari begiratzeari utzi barik bere burua ondo baino hobeto egokitu duena. Ez dakizu, Laboa, zenbat zor dizugun, zenbatetan jarri diguzun bihotza ikara batean.

Eta, zehatz-mehatz, adinaren aldetik gure belaunaldikoa izan ez bada ere, gure ondoan izan dugu beti, kultura arloko erraldoiak bezala. Beraz, Laboa, zer axola adinak, simaurrek, ile urdinak eta halakoek, bihotzetik zeru berbera ikusten badugu. Zumetaren margoek jantzi egin zuten Laboaren eta belaunaldi berrien arteko zubi lana, «Txerokee», haren hainbat abestiren bertsioak.

Eta nire ustez, leherketa antzeko zoriona ekarri zuen zubi lan hark, zilbor-hesteak eten barik jarraitzen zuela, nolabait esatearren, argitzen zuelako. Eskertu egin nuen hura, zelan ez, besarkada baten balioa ikusten niolako, eta besarkadak, zorionez, bizirik daudenei ematen zaielako. Ez zen, askotan egiten den bezala, kanposanturako utzi omenaldia, ez, orduko Euskal Herri gazteak argi utzi zuen kontua, Mikel Laboaren lanak segida zuela belaunaldi berrietan. Eta hori ez da gutxi, aizue. Itzela, esango nuke nik.

Hasieran aipatu dudan «Lau-Bost» disko bikoitz hartan ere Zumetak bideratu zuen diseinua, niri orduan oso bitxia egiten zitzaidana. Geroxeago ulertu nuen Laboa benetan berezia zela adierazten zuela, mundu oso propio bat eskaintzen zuena, aurreko zein ondorengo lanak bezain zoragarria, Lekeitio saileko haiek bezain ikaragarria. Itsasoa ikusten da barruan, eta lehorra, eta Gardatako etxea, han Lekeitio herritik gertu. Handik Mikel Laboa umeak, faxistek eragindako ihesaren ostean, Gernika ikusiko zuen, edo hobeto esanda, Gernika bonbardatuaren su ikaragarria, sugarrezko amesgaizto hura. Gardataraino helduko zen argi erraldoi eta beldurgarria, eta zeinek daki hark eragina izango ote zuen Mikel Laboaren lanetan...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo