GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Kirmen Uribe Idazlea

Koloretako kantak

 

Txikitako oroitzapen lausoen artean hortxe da Mikel Laboa. Eta ez etxean bere musika jartzen zutelako soilik. Badut bestelako oroitzapenik ere. Behin, umea nintzenean, kartelez josi zituzten herriko hormak, eta gogoan dut arrebari galdetu niola ea zer zen kartel koloretsu hark iragarri nahi zuena. Arrebak esan zidan Mikel Laboaren kontzertukoak zirela. Ez nintzen aldi hartan kontzertua ikustera joan, txikiegia bainintzen horretarako, baina Zumetaren kartel koloretsu hura betiko geratu da nire oroimenean.

Niretzat, Mikel Laboa eta Zumeta bat izan dira beti. Eta Zumetaren margoen modukoa begitandu izan zait beti Mikelen musika, kolore, ñabardura askotakoa. Mikel Laboaren musikak ez du izan ildo bakar bat, eta eskertzen da hori, ez da kolore bakarrekoa izan. Bere diskoetan kanta tradizionalak datoz alde batetik, eta beste alde batetik berak sortutako kanta berriak, hainbat olerkariren poemak aintzat hartuz. Eta azkenik, Lekeitioak daude, abangoardistak erabat. Melodia zaharrak eta melodiarik gabeko gailuak. Ez dakit nola egiten zuen Laboak, baina horren desberdinak diren hiru mundu horien artean oreka lortzen zuen, diskoak natural entzuten dira, inolako trabarik gabe. Beharbada Laboak berak ere naturaltasunez bizi zituelako mundu desberdinok bere baitan. Pertsonok ere alde bakarrekoak ez garelako.

Esaten da Laboak ez zituela idazten bere kanten hitzak, besteen hitzak erabiltzen zituela, baina niri berdin zait. Mikel Laboa maisua zen letrak aukeratzen. Eta aukeratzen jakitea ere artea da. Artze, Brecht, Lete, Sarrionandia, Atxaga. Berak idatzi izan balitu bezala interpretatzen zituen idazleen letrok. Bere egiten zituen poemak. Hainbeste barneratzen zituen, eta horren ondo, ezen behin kantua entzunda, poema musikari lotua geratzen den, halabeharrez.

Poema gaixoak Laboaren musika gabe ezerezean geratzen dira, herabe, hegorik gabeko. Horixe gertatzen da «Gure bazterrak» edo «Lili bat» olerkiekin. Benetan olerki zoragarriak. Baina paperean ikusita hain dira txikiak. Aitzitik, Mikelen musikarekin beste bizitza bat hartzen dute. «Izarren hautsa» Xabier Leteren olerkiarekin egin zuen irakurketa esanguratsua da, Letek berak poemari ikusi ez zion musika atera zion Laboak, ahaztu ezineko kanta bihurtzeraino. Ez da egon gure artean poemek barnean daramaten musika hori ateratzen horren iaioa izan den musikaririk.

Lekeitioak nondik sortu zaizkion azaltzeko Laboak gerra garaian Lekeition emandako egunak ekartzen zituen gogora. Ume bat baino ez zen orduan. Eta haurtzaroko oroitzapen horietatik idatzi zituen Lekeitioak. Ni bera bezain txikia izango nintzen Zumetaren kartela ikusi nuenean, txiki-txikia Laboaren kantak entzuten nituenean. Eta ziur nago, idazten jartzen naizen bakoitzean atera egiten zaizkidala barrutik bere koloretako kanta haiek, hortxe daudela nire ondoan, eta egongo direla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo