KRONIKA EHU-UPVko hauteskundeak
Ikasleriaren hitzak oihartzuna lortu du, UPVk ihes egiten saiatu arren
Ikasleriaren hitzaren aurrean entzungorrarena egiten ari da EHU-UPV, baita bertako zuzendaritza eskuratzeko lehian diren Iñaki Goirizelaia eta Marisol Esteban ere. Atzo ordea, nahi ala ez, ikasleriaren hitza ozen entzun ahal izan zuten; lehenik Portugaleten egindako klaustroan eta ondoren, errektoretzan burutu eta Ertzaintzak oztopatutako okupazioan.
Ianire RENOBLES - Oihana LLORENTE
Bihar da EHU-UPVko errektoretzarako hauteskundeen eguna, eta bolo-bolo dabiltza hauteskunde lehiaren inguruko berriak komunikabideetan, hautagaien programak direla, Bolognak dakartzan onurak direla... Haatik, inork gutxik eskaini die hitza ikasleei, unibertsitateko sektore zabalenari, eta finean, unibertsitatearen izaeraren funtsa diren horiei.
Ikasleak ordea, hitza noiz emango zain eskuak gurutzaturik egon ordez, beren kabuz hartu zuten hitza atzo, Unibertsitateko errektoretza okupatuz, noiz eta errektore eta hautagaiak Leioako campusetik Portugaleterako bidea egin zutenean, «segurtasun» asmoak zirela medio.
Unibertsitatearen geroa hitzetik hortzera dabilen honetan, Bologna prozesua gelditzeko eta ariketa demokratiko sinple bat egiteko eskaria egin dute Ikasle Abertzaleek: behar eta nahi den unibertsitate eredua definitzeko eztabaida parte-hartzaile eta erabakitzailea sustatzeko, alegia. Honekin batera, lau aldarrikapen zehatz mahaigaineratu nahi izan zituzten ikasleek atzoko protestarekin. Euskara ardatz izango duen unibertsitatea galdegin zuten; baita Euskal Herriaren biziraupen eta garapena helburu izango duena eta demokratikoa izango dena. Era berean, Bologna prozesuaren ezarpenak ekarri duen ikasle profil berria ere, «full time» ikasleria, deitoratu zuten protestan.
Portugaleten Klaustroa abiatzen zen une berean, 40 bat ikasle sartu zen errektoretzara, aldarrikapen bakoitzeko sei orduko itxialdia egiteko asmoz, orotara, 24 orduko okupazioa. Lasai eta arazo gabe sartu ziren arren, Protecsako zinpeko guardak arin urduritu ziren. Ikasleen errektoreordea den Xabier Etxaguek ere bilkura izan zuen itxialdian zeuden ikasleekin eta bertatik ateratzeko eskatu arren, ikasleek bere horretan jarraitu zuten. Beraiek ateratzeko Ertzaintza bidaliko zuela esanez agurtu zen, handik irtenaraztean gerta zitekeenaz bera ez zela arduratuko gaineratuz.
Errektoretza barruan zein kanpoan protestak lasai joan ziren, unibertsitate euskalduna aldarrikatuz eta polizia indarrek campusetik alde egiteko eskatuz. 18.00ak arte, ordea. Ordu horretan makina bat ertzain inguratu zen Unibertsitatera itxialdian zeuden ikasleak indarrez eta arrastaka ateratzeko.
Kanpoan, itxialdian zeuden ikasleei babesa emanez eguna eman zuten gazteen kontra ere oldartu zen Ertzaintza, furgonetekin haiek harrapatzeko saiakeran arituz, ikasleek eurek salatu zutenez.
Portugaleten ere presente
Itxialdia abiatu baina ordu batzuk lehenago, Unibertsitateko hauteskundeen bezperan bi hautagaien programak ezagutzeko, Klaustroa biltzekotan zen atzo; baina Leioako areto nagusian egin beharrean, Portugaleteko Nautikako eta Itsasontzi Makineriaren Goi Eskola Teknikoan zuten klaustrokideek hitzordua, segurtasun arrazoiak aitzakia hartuta. Leku aldaketak eta Ertzaintzaren presentzia nabarmenak, ordea, ez zituen ikasleen aldarrikapenak isilarazi.
Portugaleteko fakultatea pintadaz beteta zegoen goiza hasi orduko. Besteak beste, «UPV espainola! Faxistak», «Marisol = PSOE faxista!», «Goirizelaia = PNV espainola» eta «Ikasleon hitza errespetatu! Bolognari ez» leloak ikus zitezkeen nonahi.
Goiztiar abiatu ziren ikasleak, baita Ertzaintzaren dotazioak ere. Aparkalekurako sarbidea itxi zuten ertzainek, atarian bi furgoi kokatuz. Goizak aurrera egin ahala Ertzaintzaren brigada berezia ere bertan agertu zen, protesta oztopatuz.
Ikasle Abertzaleen deialdiari babesa ematera zetozen ikasle andana batu zen 09.00etarako. Unibertsitate sarreran ezarri ziren lehenengo, baina ertzainek hortik aldentzera behartu zituen, bultzaka. Kartel bakar bat edota oihu bakan bat entzundakoan ikasleriaren kontra oldartuko zirela mehatxu egin zieten ertzainek.
Klaustroaren lehen deialdia ez zen aurrera atera, quorum ezagatik. Bigarren saiakera 11.30ean abiatu zen eta bertan 126 klaustrokide elkartu ziren, klaustroko ikasleak tarteko. Egungo errektore, Juan Ignacio Perezek egin zituen aurkezpenak eta Iñaki Goirizelaia hautagaiari hitza eman bezain laster, ikasleetako bat hurbildu zen mikrofonora, hitza bere kabuz hartzeko xedearekin.
Zinpeko guardak arin ibili ziren ikasle ordezkariak hitza hartzea eragozteko, eta gaztea aretotik kanporatu zuten. Klaustroak aurrera egin zuen, baina ez lasaitasunarekin, IAko klaustrokideek Goirizelaia zein Estebanen hitzaldiak makina bat aldiz eten baitzituzten, zinpeko guardek hamar klaustrokideak kaleratu zituzten arte.
Kanpoaldean zain ziren gainerako ikasleak ordea, txalo eta babes oihuen artean hartu zituzten barrutik ateratako euren ordezkariak.
Errektoretzarako hauteskundeetako azken ekitaldia Leioako klaustroan egin ez izana, «errektoregaien eta UPV beraren porrotaren seinale» direla deritzote ikasle abertzaleek. Ikasleen hitza errespetatu ez eta gainera, leku aldatze honekin berba bera entzutea saihesteko egin dutena salatu zuten ikasleek Portugaleten. Alta, haserre baino pozik agertu ziren IAko kideak, ez baitzuten uste «errektoretza estutzea lortuz, klaustroa Bilboko itsasadarreraino eraman eta halako barregarri geratuko zirenik». «Era honetako maniobra dorpe eta koldarrik ez genuen espero, ez; despota ilustratuagoak zinetelakoan geunden», eman zuten aditzera IAko kideak.