Inposizioa onartzeko erabakia
E spainiar bandera Gasteizko Legebiltzarraren eraikinaren kanpoaldean ere jarriko dute, Auzitegi Goren espainolak hala erabakita eta Legebiltzarreko Mahaiak atzo hari men eginda. Mahaia osatzen duten indar politikoen ordezkarietatik (EAJ, EA, EB, PSE eta PPkoak) EAkoa besterik ez zen Gorenaren aginduari men egitearen aurka agertu.
Ez da zalantzarik Gasteizko Legebiltzarrean espainiar bandera jartzeko agindua inposizio hutsa dela, baina bitxia da, behinik behin, Legebiltzarreko Mahaiak agindu hori hain esaneko eta presaz onartu eta indarrean jartzea. Bitxia da, ustez bandera horrek ez baititu Legebiltzar horretako parlamentari gehienak ordezkatzen. Bitxia, halaber, ikur horrek ordezkatzen duen inposizioa gainditu nahi omen duten batzuen otzantasuna. Otzantasun berberak eraman zuen Gasteizko Legebiltzarreko lehendakaria epaileen ebazpenei aurrea hartzera. Izan ere, otsailetik Ezker Abertzalea taldeko parlamentariei eserleku bakoitzeko eta taldeko dagokien diru-laguntza ez ordaintzea erabaki zuen, paradoxikoki, inposizioaren aurrean agertzen ez duen oldarkortasuna erakutsita. Atzo Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak hartutako erabakia, finean, espainiar inposizioaren aurrean batzuek noizbehinka aldarrikatzen duten «foru baimena»ren aplikazio bitxia izan zen.