GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Direna izateaz harro daudela aldarrikatu dute kalean Iruñerriko gazteek

Jasone MITXELTORENA |

Azken hilabeteetan Iruñerriko gazteen kontra egindako erasoei erantzunez, atzo ehunka lagun atera ziren kalera Iruñean, «Gazteak gara eta harro gaude» irmotasunez adieraziz. Lagunak eta hurbilekoak diren hogeitik gora gaztek jasandako atxiloketak, torturak eta kartzelatzeak gogoan izan zituzten, eta beste hogei gazte ere egoera hori sufritzeko arriskuan daudela ohartarazi zuten. Horren aurrean, «gazte independentistak izutzea eta geldiaraztea helburu duen saiakera» alferrikakoa dela jakinarazi nahi izan zuten atzo: Bakoitzak bere auzoan edo herrian, eta arlo guztietan, bestelako gizarte baten alde lanean segituko du, «herri aske bat lortu arte». Zentzu horretan, argi mintzatu ziren atzo: «Ez gaitu espainiar errepresioarekiko gorrotoak mugiarazten, gure herria defendatzeko nahiak baizik, eta horretan segituko dugu lanean, orain arte bezala».

Beren jarduera geldiarazteko saiakerekin «alferrik ari garela sinetsarazi nahi digute», azaldu zuten, baina ez dutela helburua lortuko adierazi zuten: «Haien ereduaren aurka alternatibak eraikitzen ditugu, haien ereduaren aurka ari gara borrokan eta gure ametsak errealitate bihurtzeko behar dena egiteko prest gaude. Horrek urduritu egiten ditu eta horregatik kolpatzen gaituzte».

«Borroka da bide bakarra»

«Gazteak gara, ez terroristak» aldarrikatu zuten atzo Iruñean. Izan ere, arlo askotan lan egiten dute: «Emakumeon aurkako indarkeriaren aurka, gazte asanbladan, ikasleon eskubideen defentsan, entsegu lokaletan, etxebizitza eskubidearen alde, AHTren aurkako martxan, ezabaketa astean, gazte aldizkarian... borroka baita bide bakarra», jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo