GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

1968ko maiatzak Grezian du hondartza

Orduko borroken ondorenak belaunaldi berriei eskainitako eta azkenaldian estima gutxikoa den kritikotasuna baliatuz, 1968ko maiatz hartan Europako kale kantoietako lurzoruak altxatuz, harrikatuz, milaka gaztek bilatzen zuten balio askatzaileen hondartza hura, izan badela erakutsi dute asteotan Grezian.

Kontsumo basatiaren gizarteko partaide otzan izateak, ordea, horri guztiari uko egitea dakar. Eta, ondorioz, bizitzan beti da hobea beste aldera begiratzea. Lehiakortasuna eta indibidualtasuna; horiek dira jaun eta jabe. Baina, hala ere, asaldaturik dabiltza, egungo euskal gazteria gora eta behera. Hilero bat, bederen, drogen polikontsumoaren estatistika ilunak eta aisialdirako proposamen kuriosoak; ikasleen betebehar eta eskubideen inguruko planak; ikasgeletan «biolentzia» geldiarazteko arauak... Betiko legez, gazteei deus galdetu eta hitza eman gabe, baina euren mugak zeintzuk diren zorrotz marraztuz. Eta Bidasoaldeko alardeetan emakumeei «vete a la cocina, ¡puta!» goitikatzen dien maiatz hartako seme batek buruaz baietz esango dio «Teleberri»ko aurkezleari. «Zein gaizki dabiltzan gure gazteak!», lotsaturik bezala. Askok ez dute gustuko ispilua.

Baina bizitzako pasarteren batean aldaketa eta askatasun goseari uko egin zieten horiekiko «zilborrestea eten» eta eraldaketari atxiki zaizkion belaunaldiak ere badira. Baita herri honetan ere. Batzuei ate guztiak ixten zaizkie; pentsatu, antolatu eta ezarritakoa eraldatu, irauli nahi izateagatik. Eta irekiz gero, kartzelaren ala komisariaren batekoak izaten dira. Beste batzuek, aldiz, nahikoa dute bulegoko besaulkiak bero mantendu eta hilabete amaieran soldata borobilaren zain egotearekin. Askok baita datorrenari euste hutsarekin ere.

Bestelako gizarte bat, bestelako sistema bat posible dela erakusten duten horiei, orain, «antisistema» etiketa jartzen diete, ustez 1968ko maiatz hartan parte hartu zutenek. Antza, mundu erdia aritu baitzen bertan. Baina ondorengoak euren «saldukeriaren» ispilu bilakatzen direnean, orduan, gazteek beren kabuz pentsatzea ez omen da zilegi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo