Ignazio Uriaren karta-jokoko koadrila Azpeitia
«El Mundo» egunkariaren «errenuntzioa»
Orain gutxi eraildako Inazio Uria enpresaburuaren Uranga kafetegiko karta-jokoko adiskideok, gure ondoeza eta haserrea azaldu nahi dugu iritzi publikoaren aurrean. «El Mundo» egunkariaren eta komunikabide horretako kolaboratzaile den Carlos Iturgaiz europarlamentariak eginiko manipulazio mespretxagarri eta makurra salatu nahi dugu.
Lehendabizi, gure gaitzespenik handiena «El Mundo» egunkariak abenduaren 4ko alean argitaratutako azaleko muntaiari. Guztiz manipulatuak sentitzen gara komunikabide horrek gertaera tamalgarri horren berri nola eman duen ikusita.
Ez da kasualitatea egun horretan egin zitekeen argazkirik makabroena erabiltzea egunkariaren azala irudiz hornitzeko, eta ondoan, azalean bertan, karta-jokoko bere adiskideen beste argazki bat jartzea zorigaiztoko atentatua ospatzen ari balira bezala.
Kazetari baten egitekoa, lehenik eta behin, informatzea da, ondoren irakurleari jazotako gertaeren berri eman nahi badio bederen. «El Mundo» egunkariko kazetariak ez zuen nor zen esan eta baimenik eskatu gabe atera zituen argazkiak. Gainera, ez zen une batean ere koadrilarengana gerturatu gertaeraren inguruko galderak egitera. Bere prozedura oso bestelakoa izan zen: izenburu bat aurrefabrikatu zuen eta, ondoren, argazki bat lapurtu zuen buruan zuen istorioa irudiz hornitzeko; inola ere ez gertatutakoa islatzeko. Izan ere, errealitateak titular on bat izorra ez diezaien lan egiten duten kazetariak ere badira... Bidean, alde batera utzi zuen gertatutakoaren aurrean atsekabetuta zeuden adiskideek bi orduko hizketaldi luzearen ostean erabaki zutela karta-jokoari ekitea, zendutako lagun minari zuzendutako omenaldi xume gisa. Beraz, nori egotzi behar zaio eskrupulu falta, jokoko mahaikideei edota profesionalaren praxi kaskarrari?
Bigarrenik, bezperako argazki muntaiak harri eta zur utzi bagintuen, gure txundidura areagotu egin zen Carlos Iturgaiz europarlamentariak abenduaren 5ean egunkari horretan bertan argitaratutako iritzi artikulua irakurri ondoren.
«Las cuarenta en bastos» izenburupean, egileak barrua hustu zuen ondorengo adjektibo kalifikatzaileak eskainiaz: miserableak, koldarrak, ezmoralak, lotsagarriak, bihozgabeak eta abar. Gainera, idatzia biribiltzeko, ondorengo harribitxia jaurti zuen amaieran: «(...) gutxienez espero dut Inazio Uriak harago aurkitzen duen koadrilak karta-jokoko adiskide zaharrek baino duintasun, gizatasun, eskrupulu eta moral gehiago izatea (...)».
Iturgaiz jauna, a zer nolako mokadu goxoa prestatu zizuna bezperan «El Mundo» egunkariak gure argazkia argitaratuta... Hori poza zurea, argazki bidez baino ezagutzen ez dituzun pertsonengan barnean daukazun sumindura gaixoa deskalifikazio bidez hustu ondoren. Zure komunikabideak ziztatzeko apropos jarritako amuari hozka egin zenion. Ez zinen sineskortasunez erori amarruan, ez horixe, gogo onez baizik.
Zuk eta zu bezalako jendeak sentsazionalismoa erabiltzen duzue, euskal gizartearen inguruko irudi desitxuratua ematen jarraitzeko. Izan ere, terrorismoa eta egunotan bizitakoaren tankerako zorigaitzak beharrezkoak dituzue herri baten sentimendu zintzoekin jolasteko.
Eurodiputatu jauna, karta-jokoko adiskideok uste dugu zuk bezain beste -edota gehiago agian- duintasun eta gizatasun ditugula. Dena dela, ziur dakiguna zera da, Inazio Uriak, dagoen lekuan dagoela, tutean aritzeko aukeratuko ez lukeen bikotea zerori izango zinatekeela, «errenuntzioan» harrapatu zaitugulako. Gu karta-jokoan aritu ginen, beilatokira joan ginen familia kontsolatzera, hildakoaren alde errezatu genuen, hileta-elizkizunetan izan ginen eta ondorengo agerraldian ere parte hartu genuen... Iturgaiz jauna, ez al dituzu beste argazki horiek? Horretaz ari garela, non zeunden zu?