GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ministroak hezkuntza erreforma atzeratu du, baina ikasleek bereari eutsi diote

Darcos Hezkuntza ministroak datorren ikasturtean abian jartzekoa zen Bigarren Hezkuntzako erreforma urtebete atzeratzea erabaki du. Alabaina, Ipar Euskal Herriko ikasleak ez dira fio eta ez dituzte protestak eten.

p016_f01_148x136.jpg

A. MANTEROLA |

Xavier Darcos ministroak gaur iragarri behar zuen ofizialki datorren ikasturtean indarrean jarriko dela Bigarren Hezkuntzan horrenbeste istilu eragin dituen erreforma. Alta, oso bestelako iragarpena egin zuen atzo. Izan ere, erreforma urtebete atzeratuko duela adierazi zuen.

Ministroaren esanetan, «egungoa ez da giro egokia lizeoetan premiazkoa den erreformaz lasai hitz egiteko». Aipatu aldaketatik harago, «bestelako tentsio sozialak» sumatzen dituela nabarmenduta, Darcosek gaineratu du ez duela nahi «gauzak nahastea eta hezkuntza-egokitzapena azpian dauden bestelako tentsioen pizgarri bilakatzea».

«Urtebete atzeratzea ez da larria; lasaitasunez hitz egiteko denbora har dezagun», esan du Darcosek, erreforma ez duela bertan behera utziko argi utzi ondoren. Erabakia bere kabuz hartu duela ziurtatu duen arren, François Fillosn lehen ministroak atzo bertan adierazi zuen Sarkozy presidentearekin batera ebatzi zuela «erreforma horrek azalpen eta adostasun handiagoa» behar duela. «Ez gaude hain estututa. Hiru hilabete gorabehera erreforma egin egingo da», gaineratu du.

Poza eta mesfidantza

Gobernuan dagoen UMP alderdiak begi onez ikusi du erabakia eta SNES Bigarren Hezkuntzako irakasleen sindikatu nagusia ere pozik agertu da: «Erreforma atzera dezaten eskatzen aritu gara aspalditik. Ez gaude aldaketak egitearen aurka, baina ez horrela. Eztabaidatzeko prest gaude eta oso pozik, gainera, irakasleen lanaren inguruan hausnartuko delako». FSU sindikatuak ere atseginez hartu du berria.

Alta, ikasleak mesfidati agertu dira. «Aitzinamendu txiki bat» dela aitortu dute baina, gobernuaren asmoen «berme falta dela-eta», ez dituzte mobilizazioak bertan behera utzi. Atzo bertan lizeo eta ikastetxe gehiagok egin zuten bat mugimenduarekin, hala nola Hazparnekoak eta Sohütakoak. Donibane Garazikoan mobilizazioak indartzen ari dira eta gaur gauean lizeoan itxialdia egiteko asmoa dute.

Joan den asteaz geroztik, protesta gogorrak izan diren Donibane Lohizuneko Raveleko hainbat irakaslek bat egin zuen atzo ikasleekin.

Peyuco Duhart auzapezari herriko-etxera gutun bat bidali ostean, elkarretaratzea egin zuten eguerdian herriko plazan. Gaur hitzordua dute harekin, batez ere, erreforma egiteko gobernuaren moldearekin ados ez daudela helarazteko eta, blokeoak eta okupazioak medio, beharrezko segurtasun baldintzak betetzen ez direnez, lizeoa itxi dezan eskatzeko.

MOBILIZAZIOAK

Gaur, 10.00etatik goiti hitzordu berria dute ikasleek Baionako tren-geltoki aurrean. 14.00etan suprefetura aurrean elkarretaratzea eginen dute eta ostegunean berriz, mobilizazio deialdi orokorra dago Estatuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo