Bushen harrokeriak ez du errealitatea aldatzen
Munduan zehar -«mundu aske edo askatuan», esan nahi da- George W. Bush egunotan egiten ari den agur bira patetikoa litzateke mundu horretako herritar askorentzat egoera hain tragikoa ez balitz. Alegia, aurrez okupatu eta birrindu dituen herrialdeetan bere burua eta berak diseinatutako politika goraipatzen duen hori bera milioika pertsonen eguneroko tragediaren arduradun ez balitz, are komikoagoa ere izango litzateke egunotako arrandia. Garaipena aldarrikatzen du hamaika bizkartzainen erdian, gauez eta isilean, beldurrez, soilik ezkutuan bertaratzera «ausartzen» den horrek, munduko mandatari garrantzitsuena den horrek.
Atzo Bush Afganistanen izan zen, AEBetako Armadari eta Hamid Karzairen Gobernuari babesa ematen. Batzuei zein besteei babes sinbolikoa, erretorikoa, ideologikoa... eman zien, baina inola ere ez une honetan herriaren desioen aurka ari diren horiek behar duten babesa, babes fisikoa. Izan ere, honezkero bere aliatu guztiek onartu dute, ozen edo ahopean, garaitzeko ez, baizik eta irtenbide bat bilatzeko «garaitu» omen dituen horiekin negoziatzea beste biderik ez dagoela. Garaipenerako aukerarik ez dute ikusten adituek, eta inozoek edo arduragabeek salbu inork ez dio Bushi sinesten. Hobe lukete Obama honetaz lehenbailehen konbentzitzea, oinutsik eta korrika atera nahi ez badute.