Superprestigioa
Etxeberrik eta Harizmendik ezusteko handia eman dute
Lehenengoak 40 eta 38 menderatu zuen Sorhuet, eta 40 eta 30 bigarrenak Ozafrain.
Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI
Etxeberrik eta Harizmendik ezuste latza eman zuten atzo Superprestigioko final-laurdenetako azkeneko bi kanporaketetan, eta Sorhuet eta Ozafrain menderatuta, finalerdietan izango dira. Han, elkarren aurka jokatu beharko dute, eta bietako batek erdietsiko du finalean sartzea.
Etxeberri eta Sorhueten arteko neurketan bigarren hau zen faborito. Hala ere, hilabete bat baino gehiago min hartuta egon ostean, atzo itzuli zen kantxetara, eta hori nabaritu egin zuen. Partidan oso gaizki sartu zen, eta Etxeberrik ez zion barkatu. 19-3 eta 30-13 aitzineratu zen. Bazirudien dena erabakita zegoela, baina ez zen horrela izan.
Sorhuet suspertu eta jokoan sartzen hasi zen, eta 22-5eko partzial bat lortu zuen, norgehiagoka 35-35 berdintzeko. Pausuakoak zailena egin zuen, partida berdintzea, baina ordura arteko lan horrek neke handia eragin zion, eta ezin izan zuen garaipenik erdietsi.
Etxeberri kinka larrian egon zen, ia irabazita zuen partida galtzear izan baitzen, baina azken kintzeetan bururik ez zuen galdu eta amaieran 40-38 menderatu zuen Sorhuet.
Bigarren kanporaketan ere ezuste handia izan zen. Thierry Harizmendik 40 eta 30 menderatu zuen Patrick Ozafrain. Hau zen faborito, eta ez atzoko partida bereganatzeko bakarrik, baita lehiaketa hau irabazteko faborito nagusietako bat ere, Ezkurrarekin batera. Baina ez du horretarako aukerarik izango. Harizmendi gogo biziz itzuli da ezker paretatik trinketera, eta atzo oso maila ona eman zuen. Sakearekin min handia egin zuen, pilota atzeko sarean sartzen zuen, eta horrek kintze asko eman zizkion. Hasierako orekaren ostean, apurka-apurka zuloa egiten hasi zen, eta 29-19 aitzineratu zen. Lortutako hamar tanto horiei eusteko modua egin zuen, nahiz eta Bankakoak izan zuen erreakzioaren ostean, sei kintzetara jarri zen, 36-30. Harizmendi baina, ez zegoen barkatzeko, eta geratzen zitzaizkion lau puntuak errenkadan egin eta garaipena lortu zuen.
Aspaldiko urteetan goi mailako pilotan ez direla horrenbeste ezuste izan esaten zuten atzo zaleek, eta egia esan, aurtengoan handiak izan dira. Hasieran faborito atera zirenen artean, Ezkurrak bakarrik lortu du finalerdietan sartzea.
Finalaren atariko bi kanporaketak datorren igandean jokatuko dira Donibane Garazin, 16.00etatik aurrera. Lehen norgehiagokan Etxeberrik eta Harizmendik neurtuko dituzte indarrak. Hori amaitutakoan Idiart eta Ezkurra lehiatuko dira. Bi irabazleek, hilaren 28an, 17.00etatik aurrera, jokatuko dute finala, Garat trinketean.